GARA > Idatzia > Jo puntua

Palestina, ene kuttuna

Elkartasuna baizik ez dinat eskaintzeko; hire sufrimendua ezagutzen ez badinat ere, sumatzen dinat bizirik irauteko behar duzun nahikeria ederra eta handia dela

Ez ditinat gehiago berriak begiratzen ahal, heldu zaizkidan irudiak ezin ditinat ikusi, ezin dinat sinetsi gaur egun sortu den basakeriaren aurka ezin dugula deus egin. Amets gaixtoa. Hire ume txikiak ere hiltzen ditizten zigorrik jasan gabe; ez omen da gerla, erasoari erantzuna baizik.

Errudunak beti berak ditun, eta horretarako legea egokituko diten eta haurrak ere preso sartuko. Zigor guztiak onargarriak ditun Palestinaren aurka, palestinarrak, aldiz, defenditzeko protesta mugatua din, pareta baten aurka oihu egitea ere arriskutsua bihurtu baita. Bizirik dirauen nazioa isilarazteko ahaleginek barbarie aurpegia zaukaten.

Presondegiak bete ditizten, erregaia, argia, jana, ura, botikak, dena kendu diten, su-etena eskaini dun, baina hori ere ez dun aski, ez dun sekulan aski izanen, belaunikatzea eta isilaraztea baita helburua. Frantziako prentsak gaia baztertzen din, ez din, Gobernuak bezala, inongo interesik erakusten hain laguna duten Israelgo agintarien salatzeko.

Elkartasuna baizik ez dinat eskaintzen; hire sufrimendua ezagutzen ez badinat ere, sumatzen dinat bizirik irauteko behar duzun nahikeria ederra eta handia dela.

Mugarik gabeko berriemaileak asko kezkatu ditun Tibetentzat, azken agirian Espainian kazetariak mehatxatuak direla zioten, ez diten «Egunkaria»ren kasua gogoan izan ere, erdi biderik ez dagoela zirudin, botereak eskubide guztiak bahitzen ditin, biluzirik uzten gaitin.

Irrintzi hasi dun oihuka, Parisetik ez diten geroztik ohar berezirik bota, baina segur nagon erantzun gordina prestatzen ari direla, haien pentsaera ankerrarentzat euskaldun egokia preso dagoena dun. Nola baztertu belaunaldi berriak alternatibak proposatuko dituela, entzun beharko ditugunak?

Tibetarren manifestazioak sakabanatuak direla zioten «Le Monde»ko azalean, han, urrun gertatzen dena, politikoki egokia, estatubatuarren gustukoa denaren salatzeko tokia baditen. Euskaldunak sakabanatzen direlarik, errurik gabe preso atxikitzen dituztelarik, Kalakaren kasuan bezala, familiak errekurtsorik gabe uzten direlarik, ez zagon aipamenik. Gurean jende kopuru txikiagoa hunkitua dun baina eredu bera dun. Batasuneko militanteen familiarrak oinarrizko eskubiderik gabe geratu ditun. Elkartasunari esker biziko ditun. Zenbat denboraz? Garai batean komunistak tratatzen zitiztenan horrela, zernahi jasan behar zitenan, Ernesto Guevararen «Diarios de motocicleta» filman bezala bideetan gurutzatzen zitunan, lana bilatzen.

Hain esku zabalak ditun, «GAL» filma egiten utzi dutela! Alegia, historiako gertakari hura, erabaki politiko hura, estatu basakeria hura, bizi izan genuena, balen artean pasa ginenentzat lasaigarria zitekeela. Historiaren zatitxo bat baizik ez diten kontatu, Frantziak eskuak garbiak atera ditin hilketa guztietatik partaide osoa izan zelarik. Gogoan dinat oraindik hilketa baten ondotik manifestazio baten bukaeran, Baionako polizia etxearen aurrean ginelarik, ordezkaria eskatu zigutela, hitz egiteko. Hitz egin! Biharamunean beste bat hiltzen zitenan Frantziako poliziaren babes guztiarekin. Hirean nirea ikusten dinat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo