GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aste honetan ere, EAE-ANVren aurkako mozioak izango dira lau udalerritan

Soraluze, Villabona, Legazpi eta Azpeitia izango dira aste honetan EAE-ANVren aurkako mozioen agertokia. Udalbatzak asteazkenean bilduko dira lehen hiru herrietan, eta Azpeitian ostegunean. Beste lau mozio eztabaidatu dira jada, eta bakar batek ere ez du aurrera egin.

p015_f02_111x111.jpg

GARA |

Ostegunean, Baltasar Garzón epaileak Arrasateko alkate Ino Galparsororen espetxeratzea agindu ostean, EAE-ANVren aurka hainbat udaletan aurkeztuko diren mozioak hedabideen ikusmiratik at gelditu dira. Haatik, aste honetan bertan udaletxe ugaritan bilduko dira udalbatzak halako mozioak aztertzeko.

EAJk eta PSEk adostu zuten, eta «mozio etiko» gisa ezaguna den testua Soraluzeko, Villabonako, Legazpiko eta Azpeitiko Udalbatzetan eztabaidatuko dute aste honetan. Zehazki, etzi aztertuko dute aipatutako lehen hiru herrietan; 19.00etan Legazpi eta Soraluzen, eta ordubete geroago, Villabonan. Azpeitian, aldiz, ostegunean izango da.

Soraluzeko Udalean alderdi ekintzaileak eskuratu zuen alkatetza, eta hiru zinegotzi ditu bertan; EAJk beste hiru ditu, PSEk eta EAk bina, eta bakarra PPk. Horiek horrela, EAJ, PSE eta PPk bat eginda, mozioak aurrera egin lezake.

Legazpin hiruna zinegotzi dituzte alderdi ekintzale eta jeltzaleak eta baita EAk ere; PSE eta EB-Aralarrek ordea, zinegotzi bina dituzte.

Villabonako Udalean EAE-ANVk sei zinegotzi ditu, bat gutxiago EAJk; eta bai PSEk, bai EB-Aralarrek bakarra dute.

Azpeitian aldiz, iazko maiatzaren 27ko hauteskundeetan boz gehien lortu zituen alderdia EAJ izan zen, zortzi zinegotzi eskuratuz; alkatetza ordea, alderdi ekintzailearen esku geratu zen, EArekin egindako akordio baten bidez. EAE-ANVk sei zinegotzi ditu Azpeitian, EAk bi ditu, eta Aralarrek bakarra.

Dagoeneko, Arrasaten, Hernanin, Bergaran eta Eskoriatzan aurkeztu dituzte EAE-ANVren zinegotziak kargua uztera behartzeko helburua duten mozioak, eta horietan guztietan ezezkoa atera da garaile. Arrasaten mozioaren egileek bakarrik, EAJ eta PSEko zinegotziek, babestu zuten mozioa.

Alderdi ekintzailearen aurka eraikitako mozioa aurrera atera ez bazen ere, Patxi López buru duen alderdiak zentsura mozioak aurkezteko asmoa berretsi zuen lehengo astean.

Hernanin aldiz, EAJ eta PSEko zinegotzien bozei, PPkoaren eta EAkoen bi bozak gehitu zitzaizkien, eta, hala eta guztiz ere gehiengorik lortu ez zutenez, mozioak ez zuen aurrera egin.

Bergarako Udalbatzan protagonista berezienak izan ziren huts egin zuten EAJko bi zinegotziak; eta, azkenik, Eskoriatzan, PSE, EAJ eta EBren babesa lortu arren, moziorik ez zuten onartu.

pasaia

Mozioa eztabaidatzeko data oraingoz finkatu ez bada ere, PSEk dagoeneko aurkeztu du mozioa. Oarsoaldeko herri honetan EAE-ANVk zazpi zinegotzi ditu, PSE eta EAJrenak batuta bezainbeste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo