Sabin Euba omendu dute aurtengo Bizkargi Egunean
GARA |
Urtero legez, Bizkargi mendi tontorrean ekitaldia egin zuten atzo, Larrabetzuko eta Zornotzako amnistiaren aldeko mugimenduak antolatuta. Goizean goizetik giro onez hartu zuten eguna trikilari eta bertsolarien laguntzarekin. Non jan eta edan ere bazegoen bertan atondutako txosnan.
«Dena eman zuen»
Eguerdi partean, aldiz, ekitaldi politikoari ekin zioten eta, hala, iazko abuztuan hildako Sabin Euba militante historikoa omendu zuten. Bere izaera, «on hutsa eta eskuzabala», goraipatu zuten eta Zornotzako ikastolaren sortzaile ere izan zela ekarri zuten gogora.
Eubak belaunaldi berriek «Euskal Herri askea eta benetako bakea» ezagut zezaten «dena eman» zuela goraipatu zuten ekitaldian. Sabin Euba bezala, historian galdu diren gudari oro gogoan hartu eta omendu nahi izan zituzten Bizkargin egindako ekitaldian.
Era berean, Bizkargi mendian, 1936ko altxamendu faxistaren aurka euskal gudarosteak armak eskuetan borrokatu zirela gogorarazi zuten.
Arratsaldean, ordea, Bizkargi mendia atzean utzita, Larrabetzun 300 lagun bildu, eta manifestazioa eta ekitaldi politikoa egin zituzten; baita erromeria ere.