GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Oinatzen adoreak eragotzi du anaien arteko finalerdia

Egungo txapeldunak ez du bere maila eman eta Bengoetxeak merezitako garaipena eskuratu du

p044_f02_555x555.jpg

OLAIZOLA II 12

BENGOETXEA VI 22

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Dirua Aimarren alde harrika botata hasieratik; goizuetarra jaun eta jabe bai piloteoan, bai markagailuan (7-0); artekariak lasai eserita egungo txapeldunaren erakustaldia bertatik bertara jarraitzeko... Egoera horri egin behar izan zion aurre Oinatz Bengoetxeak joko eta nortasun erakustaldi ikaragarria eman, eta finalerdietan sartu ahal izateko. Anaien arteko finalerdia pikutara joan zen ezustean eta Leitzako aurrelari bizia izango da Asierren aurka indarrak neurtuko dituena.

Oinatzek bazekien irabazteko zuen aukera bakarra azkar jokatu, asko arriskatu, eta jokoa ahalik eta gehiena nahastean zegoela. Eta hiru eginkizun horiek ezin hobeto bete zituen. Gainera, halakoetan gertatzen den moduan, faboritoak bere mailarik onena ez ematea ere beharrezkoa izaten da, eta hori ere gertatu zen.

Aimar bikoteka baino txispa gutxiagorekin ikusi genuen, kantxan mugitzeko arazo askorekin, motel, eta hori Oinatz bezalako arerio baten aurka arriskutsua da. Oso arriskutsua. «Ez nengoen nekatuta, baina batere arrankerik gabe sentitu naiz. Txisparik gabe. Aurreko pilotetara ez nintzen iristen, nik harrapatzen nituenean ezin nion berari pasa, eta horrela zaila da irabaztea», onartu zuen.

Sakea eta errematea

Hala ere, ez da bidezkoa Oinatzen garaipenari meriturik kentzea. Goizuetarrak lehen zazpi tantoetan bezala jarraitu izan balu, denok hura txalotu eta pronostikoa oso argia zela baieztatuko genuke harro. Izan ere, Aimarri berak nahi bezala jokatzen ez uztea ez al da bere aurkariaren meritua? Bai noski, inolako zalantzarik gabe.

Tenisean ere, pistaren muturretik peloteatzen ez dakienak, urrats bat aurrera egin eta sake-errematera jokatu behar izaten du. Gabezia batetik erasorako argumentu bat sortu behar izaten da, eta izan dira historian hori baliatu duten txapeldun handiak. Atzo Oinatzek bere gabeziak ahaztu, eta aurrera egin zuen. Errestora airez sartzen saiatu zen lehenik, airez pilota zabaltzen ondoren, eta sakea hartu zuenean ez zuen bi aldiz pentsatu: hil ala bizi.

«Bere pilotarekin ez nion batere minik egiten. Banekien nirearekin arriskatu beharra neukala: sakearekin min egin, arriskatu, behartu, ez zezala pentsatzeko astirik izan. Eta hori lortu dut. Aurretik jarri naizenean bere burua estutzen hasi da eta hortik joan da partida», aipatu zuen Oinatzek partida amaitu bezain laster.

Baina joko hori egiten saiatzea gauza bat da, asko dira horretan saiatzen direnak, baina lortzea bestea. Eta horrela jokatuta 22ra iristeko kalitatea behar da, kalitate handia. Eta atzo Oinatzek hortik nahi beste duela erakutsi zuen. Gutxienez, bost dejada eder apuntatu genizkion, ezker-gantxo pare bat ere bai, eta tantoa amaitzen asmatu ez zuenetan ere, pilotakada gurutzatu zuen.

Azkenean, Olaizolatarren arteko balizko finalerdia bertan behera geratu da eta Asierrek Oinatz izango du aurkari hurrengo kanporaketan. Bi anaietan zaharrenak oso kontuan hartu beharko du atzo botileroaren aulkitik ikusi zuena, orain arte erakutsitako mailari jarraipena eman, eta hemendik hiru astera antzeko gertakarien protagonista ez izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo