GARA > Idatzia > Editoriala

Gizarteari begiak zabalduz

Cortes, Nafarroako Erribera. Maiatzak 4. Gelditour ekimena abian da. Hilaren 31a bitartean, Euskal Herriko geografia zeharkatuko du birak, eskualdez eskualde Abiaduraren Handiko Trenak izango dituen eraginak begi bistan utziz. Kutsu didaktiko nabarmena du AHTren aurrean iritzi kritikoa azaltzen duten taldeek sustatu duten egitasmoak. Finean, Iruñeko zein Lakuako agintariek inolako ahaleginik ez baitute egin hiritarren eskuetan azpiegitura erraldoi honi buruzko informazio osoa jartzeko. Demokraziaren kalitatea ez da neurtzen hauteskunde prozesuen arabera. Ez soilik. Euskal Herriaren kasuan, neurgailu eskas hori bakarrik hartuta ere, zenbaki gorrietan agertuko litzaiguke demokrazia eredua. Bozka eskubidea murrizturik baitago lau euskal lurraldetan. Demokraziaren heldutasuna neurtzeko bidean, beharrezko izaten da, oso, hiritarren eta agintarien arteko harreman maila aztertzea. Eta edozein harremanek nahitaezkoa du komunikazioa.

Informazio eskubidea ez da bermatzen ez AHTren kasuan, ezta aurrekontuen zati handia jaten duten beste hainbat egitasmoetan ere (Pasaiako Portua, Castejóneko termikoak, etab.). Hurrengo urteotan Euskal Herriko paisaia guztiz aldatuko duen azpiegitura da AHT. Lanak abian direla behin eta berriro entzun diogu Lakuako gobernuari. Propaganda ankerra egin ordez, hobe lukete mahai gainean egitasmoaren nondik norakoak jartzea, herritarrek iritzia osa dezaten. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dute maiz, eta herritarren erabakiak errespetatzearen aldeko aldarriak ere sarri egiten dituzte. Hala ere, AHTren egitasmoa iluntasunean gordetzen dute, ez dute lau haizetara azaldu. Trenbide berriak euskal gizarteari ekarriko dizkion onurak aipatzen dituzte publizitatearen bidez, baina herri eta eskualde askotan inkesta txiki bat egitea nahikoa izango litzateke konturatzeko herritarrek oso ezagupen gutxi dutela azpiegitura garesti honi buruz. Gelditour ekimena abian da, hamaika datu eta zehaztapen jendeari eskura jartzeko prest. Erakundeek egin beharreko lana herritarrek bereganatu dute. Abiadura handiko garraiorik erabili gabe, herri demokrazia aurrerago doa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo