GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen finala

Ibarrolaren ezkerrak eta boteak erabaki dute txapela

Nafarroa Behereko aurrelariak 17 kintze sartu zituen saketik, ia-ia partida osoko tantoen erdia

p043_f02.jpg

IBARROLA-OZAFRAIN 40

SORHUET-EZKURRA 32

Jon LEUNDA | BAIONA

Zaleek ez zuten asmatu, eta txapela Nafarroa Beherera joan zen. Lehen fasean ere, elkarren aurka jokatu zuten biko hauek, eta lapurtarrak izan ziren garaile. Orduko kontuak zituzten buruan zaleek, eta haiek jo zituzten faboritotzat, baina Ibarrolak eta Ozafrainek eraman zuten txapela, eta bat baino gehiago geratuko zen ahoa bete hortz.

Patrick Ibarrolak erabaki zuen norgehiagoka. Bere ezkerrak min handia egin zuen. Botearekin hamazazpi kintze egin zituen. Horrenbeste egindakoan, ia ezinezkoa izaten da galtzea, partida osoko tantoen erdia baita ia-ia; eta halaxe gertatu zen.

Berdinketa ugari izan ziren lehen hamabi kintzeetan, baina hortik aitzinera Ibarrola eta Ozafrain aurreratu ziren. Aurrelaria sakearekin asmatzen hasi zen, eta horrek min egiten zuen. Hala ere, Sorhuetek eta Ezkurrak ere oso partida ona egin zuten, eta zaleek eskertu zuten partida ona izatea ikusgai.

Nafarroa Behereko bikoa 28-20 aitzineratu zen, eta bazirudien finalak kolore bakarra izango zuela, baina lapurtarrek ongi erreakzionatu zuten, eta kintze bakar batetara jartzea lortu zuten, 29-28. Hala, berriro ia parean ziren, eta bazirudien neurketa berriro hutsetik hasi behar zela. Sebastien Sorhuetek eta Paxkal Ezkurrak zailena egin zuten, baina ezin izan zioten norgehiagokari bueltarik eman.

Ibarrola berriro ere sakearekin min egiten hasi zen, eta azken hamar tantoetan bost egin zituen saketik, azken hirurak errenkadan, eta ez zieten aurkariei ezer egiten utzi. Amaieran garaipena Patrick biek eraman zuten. Hala ere, Pausoako aurrelariak eta Urruñako atzelariak norgehiagokan egindako jokoa oso ona izan zen. Amaieran zaleek ederki eskertu zuten hori, izan ere, lau jokalariek oso ikuskizun polita eskaini baitzuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo