GARA > Idatzia > Pilota

Bigarren Mailako txapela Alfarok eta Lazkanok jantzi dute Baionan

J.L. | BAIONA

Alfarok eta Lazkanok irabazi zuten atzo Modernen, Bigarren Mailako txapela, Kopa izenarekin jokatu den lehiaketan. Biko hau zen garaipena lortzeko faboritoa, eta ez zuten hutsik egin.

Final nagusiaren iraupen bera izan zuen, 82 minutuan aritu baitziren jokoan. Seigarren kintzera arte, oreka izan zen nagusi, markagailuan, eta berdinketak ere bata bestearen atzetik izan ziren. Baina 6-6 berdinketa egin ostean, galtzaileek, Aranburuk eta Dermitek, aurrea hartu zuten, eta 26-26koa bitarte, aurretik izan ziren. Faboritoek 26koan berdindu zutenean, ordea, ez zuten beste ezertarako tarterik utzi.

Alfarok aurrean agindu zuen, eta atzean Lazkano oso seguru aritu zen, eta aurkariei ez zieten inolako aukerarik eman.

Jarraipena

Lau pilotariek oso partida ona eskaini zuten. Partidak ez zuen final nagusiak hartu zuen erritmo bera izan, baina maila nagusikoak besteak ziren. Lau hauek ere partida polita egin zuten, eta zaleek ederki pasatu zuten, ondorengo partida ere ederra izan baitzen.

Txapelketa hau urte askotan jokatu gabe izan da, eta aurten berreskuratu dute, Binakakoan jokatzeko aukerarik ez zuten pilotariek joka zezaten. Horiekin batera, amateur onenek ere izan dute jokatzeko aukera.

Amaieran bai zaleak, bai pilotariak gustura geratu ziren, eta urte askotan jarraipena emateko itxaropena agertu zuten antolatzaileek eta pilotariek, era horretan pilotari guztiek izango baitute jokatzeko aukera.

Partidak, 82 minutu iraun zituen, eta partzialak honako hauek izan ziren: 1-1, 2-2, 3-3, 5-5, 6-6, 6-12, 15-20, 26-26, 30-26, 35-27, 36-33 eta 40 33-33. Alfarok 5 kintze sartu zituen saketik, eta Aranburuk, berriz, bat gutxiago.

Txapelketa ofizialak amaituta, asteburuan jokatuko da Angeluko torneoa, eta bertan, besteak beste, Xalak parte hartuko duela iragarri dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo