GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedik hasiera bikaina eman dio lur gainekoari

Bizkaitarrek jardunaldi osoan Goiherriren aurka galdu zuten tiraldi bat, eta gainerako guztiak bereganatu egin zituzten. Erandiokoak geratu ziren bigarren, eta hauek bi tiraldi galdu zituzten.

p041_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Gaztedik irabazi du lur gainean jokatzen den Euskal Herriko Txapelketako lehen jardunaldia. Ekinaldia 680 kilokoan izan zen, eta pisu horretakoak izango dira ondorengo biak ere, aurten pisu bakoitzekoa bukatu ahala jokatu baita bestea.

Jende dezente batu zen Erandion lehen neurketak ikusteko, eta maila oneko tiraldiak izan ziren. Goiherri eta Gaztedi ziren faboritoak, eta bi hauen arteko dema ikusgarria izan zen. Azkenean, Gaztedi nagusitu zen lehen ekinaldi honetan.

Garaileek tiraldi bat besterik ez zuten galdu saio osoan, eta bera Goiherriren aurkako lehian izan zen. Beste talde guztiei bi tiraldiak irabazi zizkieten. Goiherri sailkatu zen bigarren, hauek Gaztediren eta Aresoren aurka tiraldi bana galdu ondoren, baina gainerakoak irabaziz. Hirugarren Mutriku izan zen. Aurreko bien aurka galdu, eta Aresori eta Getxori irabazi zienez. Atzetik Areso sailkatu zen. Nafarrek Goiherriri eta Getxori tiraldi bana irabazi zieten, baina gainerakoak galdu egin zituzten. Azkena, Getxo geratu zen, tiraldi bakarra Aresori irabazita.

Sailkapenean, beraz, Gaztedi lehenengo izan zen, 5 punturekin; bigarrena Goiherri, 4rekin; hirugarren Mutriku, 3rekin; laugarren Areso, 2rekin, eta azkena Getxo puntu batekin. Hurrengo ekinaldia datorren larunbatean jokatuko da Azkoitian.

Nafarroan, berriz, amaitu da goma gaineko lauko txapelketa. Mutiletan, 310 kilotan, Berriozar B izan da nagusi azkeneko jardunaldian, eta txapela beraientzat izan da. Amaiur C, Berriozar A, Amaiur A, Amaiur B eta Txantrea sailkatu dira atzetik. Emakumezkoetan, berriz, 260 kilokoan neurtu dira, eta hirugarren eta azkeneko jardunaldia emozioz betea izan zen, eta oreka ere ikaragarria, azkeneko jardunaldian, hiru talde, Amaiur, Sakana eta Beti Gazte berdinduta geratu baitziren. Hala ere, ligaxka eran egin denez, aurreko jardunaldietako puntuak batu egin behar ziren, eta horrela, Amaiur izan da txapeldun, 17 punturekin; bigarren Sakana, 15 punturekin; hirugarren Beti Gazte, 13 punturekin; Berriozar laugarren, 9 punturekin; Txantrea bosgarren 5 punturekin; eta azkena, Berriozar B geratu zen, 4 punturekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo