GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Amnistiaren aldeko mugimendua ez badago, nork lagunduko digu?»

Euskal preso politikoek espetxeetan jasaten duten egoera «krudelaren» eta eskubideen urraketaren berri eman zuten atzo senideek Auzitegi Nazionalean eta, era berean, amnistiaren aldeko mugimendua desagertuz gero, «nork lagunduko» dien galdetu zuten. Mugimenduaren babesari esker «aurrera irtetea» lortu dutela azaldu zuten, eta mediku batek agerian utzi zuen kartzeletan errepresaliatuen osasuna ez dela bermatzen, eta tortura existitzen dela.

p014_f01_199x116.jpg

Manex ALTUNA |

Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketan prozesatutako euskal herritarren defentsak aurkeztutako azken sei lekukoek jasandako errepresio mota ezberdinen testigantzak eman zituzten atzo Auzitegi Nazionalean.

Polizia espainol batek 2004ko martxoaren 13an Iruñean hildako Angel Berruetaren alarguna, Carmen Mañas, izan zen hitz egiten lehena, eta amnistiaren aldeko mugimenduko kideek emandako «laguntza humanitarioari» esker aurrera irtetea lortu dutela esan zuen.

Mañasek bere senarraren heriotza hilketa «politikoa» eta «estatu terrorismoa» izan zela salatzen lagundu ziotela azaldu zuen. Izan ere, Iruñeko Probintzia Auzitegian fiskalak auzokideen arteko gatazka balitz bezala epaitu nahi izan zuen hilketa. Era berean, 1997an bere bi seme atxilotuak izan zirela gogorarazi zuen, eta inkomunikatuta egon ziren bitartean tortura eta tratu txarrak jasan zituztela.

Kontxi Lunak, bere bikote den Jose Mari Sagardui «Gatza»ren egoera salatu zuen. Gogoratu zuenez, preso politiko zornotzarra «Europako Nelson Mandela» bezala ezagutzen dute, uztailean 28 urte egingo baititu kartzelan. Lunarentzat «mendekua» baino ez da Gatza pairatzen ari den egoera, eta legeen arabera kalean egon beharko lukeela aldarrikatu zuen. Halaber, salatu zuen badaramatzala 13 urte bakartze egoeran, eta errespetatzen dioten eskubide bakarra «arnasa hartzea» dela.

Horregatik, amnistiaren aldeko mugimendua desagertuz gero senideei nork lagunduko dien galdetu zuen; izan ere, bere esanetan, «presoek pairatzen duten eskubideen urraketari ahotsa jartzen baitiote».

Mattin Troitiñok ere errepresioaren aurkako mugimenduko kideak «beti ondoan» izan dituela adierazi zuen. Azaldu zuenez, txikitatik ezagutu behar izan du espetxe politika «krudela». Bere aitak, Txomin Troitiñok, 21 urte daramatzala espetxean argitu zuen, eta sakabanaketaren ondorioz etxetik 500 kilometrora baino hurbilago inoiz ez dela egon. 2006tik kalean egon beharko lukeela ere adierazi zuen, baina zigorra 11 urtez luzatu diotela salatu zuen.

«Pelikula»

Auzitegi Nazionaleko epaileen jarrera agerian geratu zen beste behin ere. Teresa Palacios epaileak, nahiz eta jarraian konpondu zuen esandakoa, «pelikula» hori ez kontatzeko esanez moztu zion Troitiñori.

Baina euskal preso politikoen senideek azaldutakoa errealitatea dela erakutsi zuen Itsaso Idoiaga medikuak. Azaldu zuenez, Estatu espainolean tortura existitzen dela nazioartean onartuta dago, baita ere presoen osasuna ez dela bermatzen espetxeetan sakabanaketa eta isolamendu politikak direla-eta. Esaterako, Esteban Esteban Nietoren heriotza eragotzi ahal izan zela adierazi zuen.

Erantzukizunak

Polizia espainolak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil eta ehunka zauritu eragiteagatik erantzukizunak argitu gabe daudela salatu zuen Andoni Txaskok, baita ere Belen Aguilarrek, bere senarra den Justo Elizaran BVEk erail ondoren, atxilotutakoak, urte eta erdi baino ez baitziren egon kartzelan.

Prentsaurreko jendetsuak Markinan eta Donostian

Donostiako hainbat herritarrek agerraldia egin zuten larunbatean epaiketaren karietara eta euskal preso politikoek bizi duten egoera salatzeko.

«Euskal Herriak askatasuna behar du» manifestua bere egiteaz gain, Iratxe Retolaza idazleak Gipuzkoako hiriburuko kasik ehun preso politikoek bizi duten egoera salatu zuen. Hala, gaitzetsi zuen Madril presoekiko elkartasuna eta laguntza zapuzten saiatzen dela.

Retolazaren alboan, Mari Luz Sebastian zegoen: Juan José Rego Intxaurrondoko presoaren emaztea. Regoren osasun «egoera larria» dela jakinarazi zuten, eta larriki gaixorik bada ere, oraindik konfiantzazko medikua eta beharrezkoa duen arreta, oro har, ukatzen dizkiotela salatu zuten. Txomin Troitiñori ere «bidegabeki» bizi osoko espetxe zigorra ezarri izana gogor deitoratu zuten, eta Donostiako dozena bat preso politiko, jada zigorraren hiru laurdenak beteak izan arren, espetxean egotera behartzen dituztela ere nabarmendu zuten.

Markinan, aldiz, eskualdeko agerraldian hauxe nabarmendu zuten: «errepresioaren aurka jardun dugunoi zernahi egingo digute, baina egongo da besterik lekukoa hartu eta aurrera egingo duenik». Ildo horretan, «Aski da!» esateko, eta amnistia eta autodeterminazioa aldarrikatzeko, larunbatean Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo