GARA > Idatzia > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Musika paisaia berriak ezagutuz

p058_f01_32x32.jpg

Samar bezalako taldeek haize freskoa ekartzen diote euskal musikari. Euskal Herrian, zorionez, musika asko ekoizten da; estiloen aniztasunari dagokionez, berriz, bide luzea dago oraindik egiteko. Samar taldearen diskoa aurrerako pausoa da bide horretan. Musika munduan eskarmentu handia duten musikariz osatutako taldea da; Pascal Gaigne (gitarra elektrikoa, ud-a, berinbao-a eta vocoder-a), Javier Area (bateria eta perkusioak), Iban Nikolai (didgeridoo-a), Iker Telleria (perkusioak, panderoa, eta bateria) eta Ritxi Salaberria (baxu elektrikoa).

«Folk eta world music-aren arteko nahasketa modernoa, alternatiboaren esparruan» kokatu dute egiten duten musika, baina harago joan dira; kantu batzuetan funkaren eragina nabari zaie («Totem» abestian, adibidez), arabiar musiken ukituak («Morako»), jamaikar doinuak («Reagge raagga»), rap jokoak ahotsik gabe («Rap Ero»), musika elektronikoaren eragina («Tekno Khan») eta kantu askotan, rockaren kutsu nabarmena. Iturri desberdinetatik edan dute diskoaren hamabi kantuak osatzeko garaian, baina diskoan, didgeridoo-a da lokarri lana egin duen instrumentua. Australiako antzinako instrumentu honek giro berezia sortu du diskoan zehar. Ibiltzen ikasten hasiberria den haurrak bezala, denbora beharko dute soinua behar bezala findu eta osagaien arteko harremana goxatu arte, eta bitartean, bidean aurkitutako oztopoei egin beharko diete aurre .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo