ERRUGBIA
Biarritzek ez du barkatu behar, Akizeren zelaian aukera guztiak ustiatzeko
Jon LEUNDA | BAIONA
Biarritzek eta Avironek garrantzi handiko partidak jokatuko dituzte gaur arratsaldean. Zuri-gorriek oraindik ez dituzte lehen lau postuetan izateko aukerak erabat galdu, eta Avironek, aldiz, sailkapenaren erdialdera heltzeko aukera paregabea du.
Biarritzek Akizen jokatuko du, derbia, bertako taldearen aurka, 18.30ean hasita. Landeseko taldea jaitsierako postuan dago, baina talde oso arriskutsua da. Azkenaldian gorantz egin du eta mailari eusteko dituen itxaropenak ere gehitu egin zaizkio, aurretik dituen taldeak nahiko gertu baititu.
Biarritzek, berriz, azkeneko hiru jardunaldietan galdu egin du, eta seigarren posturaino jaitsi da. Horrek finalerdiak jokatzeko postuetatik at uzten du, eta horietara heltzeko ez du batere lan samurra. Matematikoki aukerarik badu ere, ez du aski izango irabazte hutsarekin, izan ere, bere aurretik dauden taldeek galdu beharko lukete horretarako.
Orain, Biarritzen lehen helburua, aurreneko sei postuetan amaitzea izan behar da, finalerdietarako aukera hori galdu gabe. Izan ere, sei onenek lortzen dute Heineken Koparako txartela, eta hori ez lortzea, sekulako deskalabrua izango litzateke euskaldunentzat. Gaurko partidarako August eta Bourrust baja izango dira euskaldunen artean, eta Carizza eta Traille, berriz, zalantza dira. Cozunet, berriro ere taldera itzuliko da.
Aviron
Avironek mailari eusteko txartela ia eskuetan dauka, baina gaur garaipena erdietsiko balu, sailkapenaren erdialdera hurbilduko litzateke, eta jaitsierako mamuak erabat baztertuko lituzke.
Avironek eta Biarritzek elkarri laguntzeko aukera ederra dute. Talde zuri-urdinak Castres hartuko dute Jean Dauguer zelaian, eta 17.30ean hasiko da jokoa. Frantziarrak dira Biarritzen gainetik daudenak. Avironek irabaziz gero, eta Biarritzek ere bai, zuri-gorriak bosgarren geratuko lirateke.