Floren Aoiz www.elomendia.com
Gaitzespenaren iruzurraren lohia
Beste atentatu bat. Beste hildako bat. Eta, beti bezala, gaitzespenaren gurpilak dena irentsi nahi du. Dena konpontzen omen dute gaitzespenek. Gaitzesten duenak ez du besterik egin behar: zintzoa da eta kitto! Besteak dira errudunak, hemen ez dago gatazka politikorik, banda kriminal bat baizik. Gaitzespena etikaren ikurra da, muga da, eta bestaldean barbaroak daude, biolentoak. Edo, egun hauetan entzundakoen arabera, «los malnacidos», «los hijos de puta». Ez da deus ere aztertu behar, gaitzesteak zintzotasun ziurtagiria ematen dizu.
Baina kontua ez da gaitzespena! Esaten dute gaitzetsiz gero dena aldatuko litzatekeela, baina gaitzesten duenari gehiago eskatzen diote, eta bihar gehiago. EAJk beti gaitzetsi du, adibidez, eta gaur egun ETAren konplize izatea leporatzen diote. ETA sortu zenetik salatu du EAJk ETAren jarduera, eta gaitzesteaz gain, etakideak atxilotzen eta kartzelara bidaltzen ditu EAJren poliziak. Alderdien Legea gauzatzen dute jeltzaleek, eta mozio etikoak aurkezten dituzte, baina ez da aski. Inoiz ez da aski!
Nafarroa Baikoek ikasi dute berriki. Koalizio honek Nafarroako Parlamentuan ezetza eman dio Madrilgo Kongresuan sinatu duen indar polizialen aldeko aldarrikapenari, eta mota guztietako kritikak jaso ditu. Izan ere, gaitzestea aski ez delarik, poliziaren alde agertu beharra dago. Aunitz dira gaitzespenaren iruzurraren lohian galdu direnak. Batzuek sinetsarazi nahi ziguten gaitzespenaren gibelean ez zegoela aldaketa ideologikorik, jarrera etiko-morala baizik. Bai to! Horrela hasi ziren EIA-EEkoak eta orain batzuk PSOEn daude, eta beste batzuk PPren esparruan! Uste al du norbaitek Aralarren eta ezker abertzalearen arteko ezberdintasuna ETAren gaitzespena denik? Mesedez!
Gatazkak erroetara joz eta konponbideak bilatuz gainditu behar dira. Gaitzespenak ez du segundo batean ere laburtzen bakea lortzeko bidea. Ezta segundo bat ere! Gaitzespenak ez du tentsioa jaisten, ez du inolako aterik irekitzen, ez gaitu beste agertoki batean jarriko. Urtetako ibilbideak argi utzi du bakea lortzeko urratsak eman behar direla, urratsak, eta ez kontzientziak lasaitzeko aldarrikapen ozenak.