David Lopategi, Igor Mera eta Alfre Elgezabal Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Gaztetxeekin elkarrizketa
Ziur dakigu okupa mugimenduak aurrera egingo duela gure hiri eta herrietan urteetan zehar hutsik dauden etxebizitzen eta lokalen erabilera soziala bermatzeko
Rekaldeko Kukutza gaztetxeak 10 urte eta Gasteizko gaztetxeak 20 urte bete dituzte hurrenez hurren, eta gizartearen eraldaketaren alde lan egiten dugun elkarte eta pertsonentzat pozteko zio eta ospatzeko parada da hori. Bilboko Udalak bereziki eta berriki abian jarritako utzarazte kanpaina bortitzak lainotu ezin duen poztasuna, hain zuzen.
Partaidetzaz solastatzen, eta bereziki gazteek, indibidualismoa eta pasotismoa alde batera utzi, eta gizartearen eraikuntzan laguntzeko beharrari buruz erakundeek orri eta goiburu asko betetzen dituzten honetan, gero eta zailtasun gehiago jartzen dira antolatuta dagoen gazteriaren eremu esanguratsu batek (Okupatutako Gizarte Zentroen inguruan antolatzen dena) bere ametsak eraiki ditzan. Gure gizartean existitzen diren beste ikuspuntuak bezain zilegiak dira autogestioaren aldeko apustua barneratzen duten amets hauek. Beraien tokiko komunitateen garapenaren aldeko lana burutu nahi duten gazte hauek ez dute erakunde publikoek beren arazoen ardura hartzerik nahi. Partaidetzari buruz hitz egin, biltzarrak antolatu, edota hamaika mila euro aholkularitzetan gastatzen ditugunean, ezin dugu ahaztu parte hartzea pertsona guztien eskubidea dela, eta berau ez dagoela ofizialki diseinatutako bideetara mugatuta. Disidentziarako aukera, autogestiorako eta kontrabotere guneak eraikitzeko beta, besteak bezain zilegiak dira, eta aukera gisa aitortuak izan behar dute.
Okupazioa, definizioz, ez dute poliziek ez epaileek kudeatu behar; gai politiko bat da. Okupazio baten bitartez hutsik zegoen lokal bat helburu kolektiboen mesedetara jartzea ez da izatez delituzko ekintza, baizik eta politikoa (hitzaren errora joanik). Eraiste edo utzarazte bidean jartzen dituzten trabak jarrita ere, ziur dakigu okupa mugimenduak aurrera egingo duela, gure hiri eta herrietan urteetan zehar hutsik dauden etxebizitza eta lokalen erabilera soziala bermatzeko. Gazteen zenbait beharren alde askorik egiten ez duten erakundeak azkar doaz, garabiak lagun, pertsona gazte askoren esfortzu, konpromiso eta borondatezko lanari esker eraikitako proiektuak txikitzera. Nabarmentzekoa da guk baino tradizio demokratiko handiagoa daukaten beste herrialde batzuetan, Herbeheretan kasu, hutsik dagoen etxebizitza okupatzea ekintza legala izatea. Izan ere, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko denik eta neurririk lagungarriena da bertan.
Hogeita hamar urtetan gazteriaren beharrei aurre egiteko baliagarri izango zatekeen benetako gazteria politika bat eraikitzeko gai izan ez diren erakundeek oso jende gutxiren onespena dute eta finkatutako helburuak lortzeko gai ez diren gazteguneak, gazteen informazio bulegoak eta bestelako zerbitzuak mantentzen dituzte. Erakunde horietako kide batzuek gaztetxeetako gazteak kriminalizatu eta jazarpen judiziala eragiten diete.
Hamar urte hauetan Kukutza hazi egin da, baita auzoa bera ere. Hasiera batean bizitzarik gabe eta hutsik zegoen eraikina gaur ekimenez beteta dago ehunka gazteri esker (gazteak batez ere, baina baita umeak eta pertsona helduak ere). Egunero, ekintzak daude gaztetxearen espazioetan: musika taldeen entseguetarako lokalak, kultura tailerrak, rokodromoa, barazkijaleentzako jatetxea, arropa trukatzeko gunea, ziber biblioteka... Gaztetxeek, neurri handi batean, pertsona askok bilatzen dutena eta gainera udaletxeek aditzera ematen ez dutena eskaintzen dute: espazio askeak, eta herrikoiak; proposamena, elkarrizketa eta kontsentsua murrizketa bakarrak izanda. Kukutza eta Gasteizko proiektu hauek egunero argi uzten dute okupa mugimendua erabat baliagarria dela eta indarrean jarraitzen duela. Beste alternatiba bat baino ez dira, bideragarria dena eta «anarkia osora» ez garamatzana. Eskertzekoa litzateke dagokien alkate edo zinegotziek akordioak lortzeko urratsak ematea. Makina bat hitzaldi eta aho betetzen dituen «elkarrizketa» hitza gure iritzi edo boterearekin ados ez daudenekin praktikan jartzea asko kostatzen da. EAEn asko dira herri administrazioaren eta gaztetxeen artean «elkarbizitza baketsuan» oinarrituta sinatutako hitzarmenak. Zergatik ez da posible Bilboko beste auzoetan edota gure lurraldeetako beste zenbait herritan? Lehendik diren hainbat esperientzia eta partaidetzarako zein bitartekaritzarako zenbait prozesu erabilgarriak izan daitezke ibilbide-orri berri bat diseinatu nahi bada.
Maiatzaren 17an Errekalden Euskal Herriko Gaztetxe Eguna antolatu dutenei, eta azken urteotan gune aske hauek existitzea posible egiten duten guztiei, gure zorionik beroenak eta besarkada helarazi nahi diegu.