Castillo Suárezen eta Charles Bukowskiren poesia liburuak kaleratu ditu Elkarrek
Poesian ohikoa den lerroen etetea eta errimak atzean utzita, Altsasukoak «Souvenir» argitaratu berri du. Idazle iparramerikarraren azken poesietako batzuk ere bildu dituzte «Infernuko hesteetan» lanean.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Elkar argitaletxeak beste bi izen gehitu ditu bere poesia sailera; Castillo Suárez idazle nafarraren «Souvenir» eta Charles Bukowski iparramerikarrak 1990ean kaleratutako «Septuagenarian Stew» liburuko hainbat poesia biltzen dituen «Infernuko hesteetan». Mikel Olano izan da azken lan honen itzultzailea.
Castillo Suárezen «Souvenir» lana, bere ibilbideko hirugarrena -aurrekoak «Mugarri estaliak» (Susa, 2000), «Spam poemak» (Elkar, 2004) eta «Bala hutsak» (Elkar, 2006) izan ziren-, aurkezterakoan «dotorezia» hitza entzun zen behin baino gehiagotan. Izan ere, Igor Estankona poeta eta kritikoak esan zuenez, laneko azken zirriborroa jasotzerakoan «aho zapore ona uzten zuen lana zela esan nion Castillori. Dotorea zela». Elkarreko buru Xabier Mendiguren ere uste berekoa da, baina pista gehiago ere eman zituen: «Lehenagoko bidea jarraitzen du, aurreko lanekiko koherentziari eusten dio. Beste lanetan egin bezala, honakoan ere poetikotasuna ez du hitz bitxi eta errimetan bilatzen, eguneroko hizkuntzan baizik. Bestalde, giza harremanetako arazoetan sartzen du hatza». Horrek «euskal poesian ahots eta nortasun propioa» eman dio Suárezi Mendigurenen hitzetan.
Paragrafo luzeak
Berrikuntzei erreparatuta, Elkarreko buruak poesian ohikoa den lerroen etetea eta errimak atzean utzi dituela argitu zuen eta hortaz, paragrafo luzeetako poemak idatzi dituela. «Aurreko lanetan baino ironia gutxiago dago. Oinaze handiagoa ageri da lanetan eta, nire ustez, horregatik alboratu du ironia; mina eta ironia bat ez datozelako», gaineratu zuen Mendigurenek.
Altsasuko idazleak bere egin zituen Elkarreko buruak esandakoak, eta «Souvenir» bere «lanik onena» dela esan zuen. «Uste dut lortu dudala adierazpena ren eta adieraziaren arteko oreka», gaineratu zuen. Hizkuntzari dagokionez, «hizkuntza soila eta komunikatiboa» erabili duela ere berretsi zuen.
Poesia lana idaztea «jolas moduko» bat izan dela argitu zuen, eta izenburuaren zergatia azaldu zuen ondoren. «Souvenir-a oso sinbolikoa den zerbait da. Oso gauza hutsalak dira, baina sinbolismo handikoak. Poesiarekin antzeko zerbait gertatzen da; inork ez dio erreparatzen, alferrikakoa dela esan ohi da, baina sinbolismo handikoa da», esan zuen.
Liburua, gainera, kutxa baten moduan ikusten du egileak: «Bilduma bat da, kutxa moduko bat». Lanak ez du egitura zehatzik, poemak independenteak dira, baina «atmosfera bat osatzen dute».
Elkarreko poesia sailak kaleratutako beste lanak Charles Bukowskiren (1920-1994) 26 poesia biltzen ditu. «Infernuko hesteetan» iparramerikako idazleak 1990ean kaleratutako «Septuagenarian Stew» lanetik hartutako idatziak biltzen ditu; Mikel Olano izan da itzuli dituena.
«Septuagenarian Stew» jada idazle ospetsu eta aberatsa zela idatzi zuen, ordura arteko «idazle malapartatu» goitizena atzean utzita, eta idatzietan hori ere ageri da Felipe Juaristik, hitzaurrearen egileak, azaldu zuenez. Galderarik ere egin zien han zirenei: «Zergatik sortzen du Bukowskik horrelako lilura irakurle gazteen artean?».
Erantzun zuzena ematea zaila bada ere, Juaristiren ustez, bere poesiek zerbait kontatzen dute beti, «bere bizitza», hain zuzen, eta horrek liluratzen omen ditu gazteak. «Bere lana irakurtzea bera ezagutzeko bide da. Bere xarma horretan datza; bere bizitzaz hitz egiten duela», gaineratu zuen. Juaristik transgresioaren bidea aukeratu zuela ere azaldu zuen. «AEBetako gizarte purista batean transgresioaren bidea edariaren bidez hartzen dute askok», argitu zuen. «Bizitzak bera zapaldu baino lehen egin nahi zion ihes».