Ikusle berriei ateak zabaldu nahian, museoak izango dira protagonista gaur gauean eta bihar
Museoen lana goraipatzea eta ikusle berriak erakartzea: erakustokien nazioarteko egunaren kariaz lortu nahi diren bi helburuak. Eta, hitzordu nagusi hori behar bezala ospatzeko han eta hemen, Euskal Herriko museo gehienetan ikuskizunak eta bisitaldi gidatuak egingo dituzte doan. Baina, biharko egitarautik at, gaur bertan, nagusiki Lapurdiko museoetako ateak zabalik izango dira ikusgarri askorekin.
Ainize BUTRON
Museoak ez ohiko modu batez ezagutzera eman. Hori lortu nahi da, izan ere, gaur eta bihar artean Euskal Herriko erakustoki ezberdinetan antolatuko diren ekitaldien bidez. Asteburu honetan, erakustokiak protagonista dituen bi ospakizun nagusi izango dira: Museoen nazioarteko eguna, eta erakustokien gaua. Azken egun hau nagusiki Lapurdiko erakustokietan ospatuko da, baina, Bilboko Guggenheim Museoak eta Gasteizko Artiumek ere ikuskizun zenbait eskainiko dituzte. Duela hiru urte abiatu zen ekimen hori Estatu frantseseko kultur ministroak bultzaturik, eta geroztik Europako hainbat herrialdetara hedatu da. Aurreko edizioak izandako arrakasta ikusita, aurten, ikuskizun ugarik izango du tartea, bereziki Baionako museoetan.
Erakustokien gauaren xede nagusia ez ohiko egitarau bat eskainiz ikusle berriak erakartzea denez, museo gehienek animazio berritzaileak azalduko dituzte gaur gauean arratsaldeko seietatik goizeko ordu bietara.
Baionan, Bonnat museoak ateak doan zabaltzeaz gain, arratseko bederatzietatik goiti kantu performancea azalduko du. Marc Fontenellek eta Anne B.Sollisek bertan ondoko maiatzaren 28ra arte obrak erakusgai dituzte, eta gau berezi hori behar bezala ospatzeko Aymeric Hainaux kantaria gonbidatu dute. Artistarekin batera Joxean Artze eta Beñat Achiary olerkari eta musikaria izango dira emanaldian.
Euskal Museoak, bestalde, Zuberoako Hebendik kolektiboarekin daukan elkarlana agerian jartzea erabaki du. Eta, horrela, kolektiboak 2007an Zuberoako Etxebarren herrian, egun oso batez, eskaini zituzten hiru ikusgarri eta erakusketa berriz ere ikusteko parada emango dute.
Museoko arduradunek argitu zutenaren arabera, Hebendik kolektiboarekin epe luzerako elkarlana abiatu dute. «Iazko ondarearen egunean abiatu genuen elkarlan hori. Horrekin jarraitzea erabaki dugu», esan zuten. Arratsaldeko zazpietan hasita, Argialde deituriko museoaren gunean Mixel Etxekopar, Jeremy Garat eta Peio Cachenaut musikariekin Dominika Rekaltek «Etxebarren 1» deituriko ipuin musikalak plazaratuko ditu.
Horrekin batera, Gonzalo Etxebarria margolaria eta Christophe De Prada argazkilariak antolaturiko «Etxebarren 3» erakusketa ikusteko aukera izango da museoan. Zuberoako Etxebarren herriko bizilagunen argazkiz osatua dago erakusketa hori. Eta, azkenik, Cyril Peyramond zinemagileak «Etxebarren 007» ekitaldiari buruz eginiko dokumentala eskainiko da.
Getariako museoan, aurreko urteetan bezala, ipuinen gaualdia antolatu dute «Kanpoko eta Japoniako ipuin zaharrak» gaiaren inguruan. Eta, azkenik, Kanboko Edmond Rostanden Arnaga erakustokian pertsonaia ospetsu horren haurtzaroa aipagai izango da antzerki baten bidez. Horretarako, Arnagako baratzeetan, mila kandelaz inguraturik, garaiko jantziak soinean, garai hori antzeztuko dute. Lapurditik, Bizkaiko eta Arabako museo nagusietara, hots, Guggenheim eta Artiumera joan beharko dira ikusleak beste kultur ekitaldiak ikusteko.
Bilboko museoari dagokionez, musika elektroniko garaikideena nagusituko da Peter Christophersonen Soisong taldeari eta Sergei Petrov DJari esker. Gaualdia, hamarrak eta erdietan hasi eta ordu bat eta erdiak arte luzatuko da. Artiumeko Plaza gelan, Digitano Flamenco taldea izango da, doinu garaikideak eta flamenkoa elkartzen dituen taldea.
Musika, ipuin eta doinu berriz beteriko gaualdi magiko horien ostean Museoen nazioarteko egunaren txanda izango da bihar. ICOM (Museoen Nazioarteko Kontseilua) erakundeak antolatzen du, eta ohi den bezala gai nagusi bat aukeratu dute egun berezi hori ospatzeko. Aurtengo ardatza honakoa da: «Museoak, gizarte aldaketa eta garapenaren eragileak». Ekitaldiak ugariak izango dira, bereziki, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako erakustoki nagusietan. Bilbon, Guggenheimeko atarian, hamabi eta erdietatik goiti Bilboko abesbatzen sozietatearen kontserbatorioko ikasleen kantaldia izango da. Arte Ederren museoak, goizeko hamaika eta erdietan puxikak askatuko ditu ehungarren urteurrena ospatzeko. Itsas museoan haurrentzako ikastaroak egingo ditu, eta Artelan Berreginen Museoak eguerdian «Opera divertimento» izeneko haur kontzertua eskainiko du, eta arratsaldean, eguna luzatuko du «el Codigo Atenea» izeneko antzerki komikoa emanez.
Bizkaiko beste hogeita hiru erakustokik eguna jendea batuz ospatzea erabaki dute «zatoz bisitan, harrituko zaitugu» lelopean. Bisitaldiak proposatzeaz gain, zenbait museotan ikuskizunak ere izango dira. Nabarmentzekoa da, Santimamiñeko kobazuloaren parte-hartzea, aurten bere lehen edizioa izango baitu.
Artiumen kontzertuak, dantza eta ikastaroak izango dira asteburuan zehar. Gaur gaueko flamenko emanaldiari jarraituz, bihar, Luis Paniagua eta Hayte Ayad «Antzinako musika berriak» izeneko kontzertua emango dute arratsaldeko zortzietatik goiti, eta egunean zehar, dantza garaikide inprobisazio-saioak ikusi ahal izango dira museoan. Azkenik, familientzako tailerrak proposatuko ditu Artiumek.
Txillida Lekun «ahozko tradizioa»ri egingo zaio tartea Oihulari Klown taldeak eskainiriko «Konta Dezagun» ipuin saioaren bidez. Horrela, goizeko hamaiketatik aurrera, ordu erdiro, ipuin bat kontatuko da museoko leku ezberdinetan.
Legazpiko Lenbur Fundazioak ere Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du hiru erakustoki ezberdinetan ekitaldiak eskainiz. Euskal Burdinaren Museoan 6 eta 12 urte bitarteko umeek tailer didaktikoa egin ahal izango dute goizean. Telleriarte auzoan dagoen Artzainaren ekomuseoak goizean gazta zaharra eta berria dastatzeko aukera emango du sagardoaz lagunduta, eta azkenik, Aikur Erle Museoan goizean kandela tailerra antolatuko dute.
Azkenik, Nafarroako Museoan, gaurtik hasita astelehenera arte zinema zikloa eta kontzertuak eskainiko dituzte. Museoen gauan parte hartuko du arratseko hamarrak arte ateak zabalik utziz, eta «Zinema eta pintura» gaiaren inguruko hiru filma eskainiz. Bihar, eguerdian berriki berritua izan den armoniuma aurkeztuko da, eta José Antonio Pascual organo-jotzailearen emanaldia izango da. Tradizioari eutsiz, erakustoki gehienetan doako bisitaldiak egingo dituzte haur eta helduentzat. Oteiza museoak eta Donostiako Itsas Museoak ekitaldi zehatzak antolatu ez arren, bisitaldiak doakoak izango dira.