GARA > Idatzia > Pilota

¡Buruz Buruko Txapelketa

Oinatz Bengoetxeak beste ustekabe bat eman nahi die Olaizolatarrei Labriten

Asier aterako da faborito aurtengo bi ezusteko nagusien arteko finalerdian

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aurtengo Buruz Buruko Txapelketaren lehen finalista zein den gaur arratsaldean jakin ahal izango dugu Iruñeko Labrit pilotalekuan (18.15, Tele5). Asier Olaizola edo Oinatz Bengoetxea, zaleen pronostikoetan agertzen ez ziren bi nafarretako bat, final nagusian izango da.

Beste adarrean gertatzen ez den moduan, finalerdi honetako bi protagonistak behetik iritsi dira azken txanpara: ez bata eta ez bestea ez dira serie-buruak izan. Horrek argi erakusten du, batetik, ez zela aurreikusten bien artean finalerako txartel bat jokatzea, eta bestetik, honaino iristeko beren maila onena eman behar izan dutela.

Olaizola anaietan zaharrenak izen handiko hiru pilotari utzi ditu kanpoan: Xala (22-13), Beloki (22-6) eta Eugi (22-9). Bere joko-maila ere hobetzen joan da kanporaketak pasa ahala, eta Patxi Eugiren kontra bikain aritu zen orain bi aste: sake luzea, kolpe latza eta piloteoan oso akats gutxi.

Bengoetxea VI.ak, berriz, Iñigo Leitza (22-18) eta Aimar Olaizola (22-12) utzi ditu bidean. Bizkaitarrarena logikaren barruan sar liteke, baina egungo txapelduna kanpoan uztea -7 eta 0 galtzen hasita- aurtengo ezusteko nagusia izan da. Sake-errematean erakutsitako abilezia eta aurkaria bere onetik ateratzeko gaitasuna izango ditu gaur ere arma nagusi. Kontra, berriz, final-laurdenetan hatzean izandako lesioa du. Ikusi egin behar min horrek arazorik sortzen dion edo ez.

Aurrekaririk ez da, lehen aldiz jokatuko dute Buruz Burukoan.

HATZA

Pronostikoa zailtzen duen faktore nagusia Oinatz Bengoetxeak hatzean duen lesioa da. Eskuaren egoerak asko baldintzatu dezake gaur arratsaldeko lehia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo