Zintzotasuna ekintzetan neurtzen da
Atzo Gasteizko Parlamentuaren gehiengoak tortura, torturatzaileak eta torturatzaileei espainiar Estatuak ematen dien babesa salatu zuen. Atzoko adierazpenak argi uzten ditu zenbait puntu, adibidez, gizartearen gehiengoak Guardia Zibilak torturatzen duela uste duela. Jende askok, alderdiek barne, espainiar Gobernuak jokabide hori babesten duela uste du, torturatzaileen zigorgabetasuna lotsagabe aldarrikatuz, gainera.
Baina, horretaz gain, Parlamentuko eztabaidak beste zenbait auzi argitu zituen. Esaterako, ETAk babesten duen edozeren alde egotea -berdin dio amnistia edo ingurumena den- ETAri babesa ematea bihurtu nahi izatearen ondorioz -maxima hori lege bihurtzeraino-, ETAk jomugan jartzen duen edozer «on» eta «demokratiko» bihurtu nahi dutela politikari batzuek. Eta hori gertatzen da, adibidez, Guardia Zibilarekin. Heriotza baten aurrean dolumina agertu ordez, adierazpen ofizialak sistema politikoaren legitimazioa bihurtzen dira, eta tranpa horretan aspaldi erori ziren zenbait euskal alderdi. Jakina, auzi gehienetan estatuaren ordezkari gisa aritzen diren alderdi horien jokabidea ere zalantzan jartzen duelako hori ez egiteak. Baina horren ostean eskakizunek gora egin dute eta egingo dute, etengabe, gainera. Adibidez, Covite-k EAJri bere helburu politikoak «ETA desagerrarazi arte» alboratzeko exijitu dio, eta horien alde ez egiteko luzamendua.
Azalpenak azalpen, PSE eta PP tortura babestearen alde agertu ziren atzo, euskal gizartearen aurrean beraien benetako aurpegia agerian utzita. Nolanahi ere, José Antonio Pastorrek Lakuako gobernukideei leporatu zien «zintzotasunik eza» horretan dago atzoko eztabaidaren gakoetako bat. Politikoki zuzena den edozer izenpetzea ohikoa bihurtu den garaiotan, herritarrak hitzengatik ez, baizik eta ekintzengatik neurtu behar du alderdien eta politikarien zintzotasuna. Bakea ez da oihukatu behar; bakearen alde, eginez egin behar da. Era berean, tortura ez da soilik salatu behar; tortura eragotzi, jazarri eta zigortu behar da. Han eta hemen.