GARA > Idatzia > Kultura

Galdutako amodio baten obsesioa nobela bihurtu du Garazi Goia gazteak

Alberdaniaren bitartez plazaratu du Garazi Goia segurarrak bere lehen liburua: «Bi hitz». Nobela galdutako amodio baten kontakizuna da eta bizipen horrek protagonista obsesioaren eremuetaraino eramaten du.

p046_f01_148x088.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

«Bi hitz» izenburuko nobelaren kontakizunak Berlinen du hasiera; neska protagonistaren bikotekideak hantxe uzten du harremana bertan behera. Hori, Garazi Goiak azaldu duenez, «izugarrizko kolpea» da protagonistarentzat, eta hasiera hori da nolabait istorioa hortik aurrera markatzen duen gertaera.

Protagonista eta aldi berean narratzailea ere badenak -lehenengo pertsonan idatzita baitago kontakizuna- Londresera joko du gero, bizitza berri bati ekitekotan; «Bizitza berri bat, eta bakarrik». Sentipen berriek ere, dena den, beti eramaten dute atzera, iraganera, protagonista, eta ezin du ahaztu, ezin du gainditu, bizi izandako maitasun harreman hura.

Londresen dagoela harreman ezberdinetan galtzen da neska, eta «une oro konturatzen da galdutako amodioaren presentzia nahitaezkoa zaiola». Beti ere, helburu bakar batekin, idazlearen esanetan: «Amodio galdu hori berreskuratzea obsesio bihurtzen da».

Bada, obsesio hori deskribatzeko, elementu ezberdinak baliatzen ditu idazleak narrazioan: ametsek leku garrantzitsua betetzen dute, esaterako, «beti ere galdutakoarekin fantasiak nabarmenduz», eta inoiz bidali gabeko eskutitzik ere ageri da «barruan sentitzen duen min edo sufrimendua ateratzeko».

Autoreak argitu duenez, «egia da momentu batzuetan narrazioa mutur arriskutsuetara eramaten dela, askotan kontaketa oso gordina eginez. Azken batean, hori zen helburua, sufrimendu hori adieraztea; muturrera eraman, nolabait inpaktu hori sortu, sentimenduak garbi adierazteko».

Pertsonaia esanguratsu ugari agertzen dira kontakizunean (Carla, maitale zibernetikoa...), nobelaren estruktura pertsonaien bitartez gauzatzen baita nolabait. Kapituluak pertsonaia ezberdinen bizitza mugatu edo baldintzatzen duten esperientzia berriak iradokiz ageri direla azaldu du Garazi Goiak.

Kontatzeko modu bizia eta esaldi motzak darabiltza narrazioan. Liburuaren titulua bera ere, laburra: «Bi hitz». Autoreari azken honen gainean itaundu ostean, zera laburbildu zuen atzo: «Bi hitzekin gauza asko pentsatu eta esan daitezke. Nik `bi hitz' horrela uzten dut, eta gero irakurle bakoitzak erabaki dezala zeintzuk diren istorioak iradokitzen dizkion bi hitzak».

«Protagonista ez da Garazi»

Garazi Goiak (Segura, 1978) Telekomunikazio Ingeniaritza ikasketak egin zituen, Bilbon. Egun, Londresen bizi da «BBC»n lanean. Atzo Donostian egindako aurkezpenean esan zuenez, bertan lau urte daramatza eta hango erreferentzia ugari ditu liburuak, «baina protagonista ez da Garazi Goia», argitu zuen.

Zenbait ipuin lehiaketa irabazi baditu ere, eleberri hau da argitaratu duen lehen liburua; «esperientzia izugarria» izan du. Zirriborroren bat edo beste ere badu orain buruan, akaso etorkizunean bigarren liburu bat kaleratzeko abenturarako baliagarri izango dituenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo