Azken partida
Urko Arroyo hamaikakoan izan liteke lehen aldiz
Aduriz prest egotea litekeena bada ere, Joaquín Caparrósek deialdia betetzeko jokalariak beharko ditu
GARA | BILBO
Ez da sekulako helburua izango baina, azken batean, Intertoto bera ere helburua da. Eta Athleticek azken txanpari ekingo dio bihar, azken urteotan ilusio handiena piztu duen helmugara heltzeko asmoarekin.
Zoritxarrez, helburu hori ere ez da batere erraza izango. Athleticek irabazi egin behar duelako eta, gainera, Deportivok porrota jaso, derrigorrez eta, batez ere, talde zuri-gorriak ez duelako egoerarik onenean bidaiatuko Sevillara. Hamar hutsunei egin beharko die aurre Joaquín Caparrósek -edo hamaikari, Aritz Adurizek ez baditu arazoak gainditu-, hain zuzen ere, Iraola, Prieto, Ustaritz, Orbaiz, Iraizoz, David Lopez eta Cuellar minduta daudelako, eta Yeste, Del Horno eta Susaeta, bestetik, zigortuta.
Horiek horrela, entrenatzaile zuri-gorriak aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan, baita lehen mailako taldetik kanpo begiratu ere, bai deialdia, bai hamaikakoa bera bete ahal izateko. Atzo Lezaman egindako saioaren ondoren, Urko Arroyo izan liteke gorabehera horien guztien onuraduna. Bilbao Athleticen erdilaria 2006an estreinatu zen lehen taldearekin, Javier Clementeren eskutik, baina hasierako hamaikakoan bihar egon liteke lehen aldiz.
Lan saioan ikusitakoaren arabera, Arroyo eskuinaldean ariko litzateke, Javi Martinez, Garmendia eta Gabilondorekin batera lau erdilarien lerroa betez. Eskuin hegalean bertan, eta bizkaitarraren atzetik, beste ezustekoa ager liteke Carlos Gurpegiren eskutik -postu horretan amaitu zuen Racingen aurkako partida, Iraolak min hartzean-.
Gauza bera gertatuko da aurrealdean ere, Joseba Etxeberria itzul baitaiteke, Fernando Llorenteri erasoan lagunduz.
Denak ez dira, beraz, albiste txarrak, elgoibartarrarekin batera Baionan berragertu zen Aitor Ocio ere berreskuratuko baitu Joaquín Caparrósek. Eta «oso partida berezia» jokatzeko, gainera, gasteiztarrak lau denboraldi eman baitzituen Sevillako taldean. «Garrantzitsua da itzulia bera -azaldu zuen-, nire asmoa denboraldia taldearekin batera amaitzea baitzen, gero oporretan lasai, sentsazio onarekin eta errekuperatuta joateko. Eta partida Sanchez Pizjuanen bada, askoz bereziagoa».
Eta, are gehiago, denboraldiko azken helburua lortzeko balio badu. Ildo horretan, defentsak argi utzi zuen Intertotoa «garrantzitsua» dela jokalari zuri-gorrientzat, «batzuek kontrakoa badiote ere, Europan sartzeko bide bat baita». «Datorren urtean Europan egoteko giltza da -esan zuen berriz-. Eta horrek gure motibazioa pizten du. Azkenean ez badugu lortzen, arrazoi ugari aurkitu ahal izango dira, baina ez da izango, behintzat, guk ez dugulako nahi izan».
Helburua lortu ez arren, Javi Martinezen ustez denboraldia «ontzat» hartuko du taldeak, «aldaketa ugaritara moldatu behar izan baikara. Eta lehen partidetan ez genituen gauzak ondo egin, baina, pixkanaka entrenatzaileak nahi zuenari antza hartu diogu eta, ildo horretan, denboraldi aipagarria egin dugula uste dut».