GARA > Idatzia > Pilota

Eskuz Banakako Txapelketa

Bengoetxea, Olaizolatarren borreroa, izango da finalean

Partidak hiru zati izan zituen. Nahiz eta aurrenekoan leitzarra 12 eta 3 aurreratu goizuetarrak buelta eman zion markagailuari (12-15), baina azkenean, bere sakeaz baliatuta, Bengoetxea VI.a izan zen garaile.

p051_f02_097x164.jpg

BENGOETXEA VI 22

OLAIZOLA I 16

Ander GARTZIA | IRUÑEA

Oinatz Bengoetxeak lortu zuen Eskuz Banakako Finalerako aurreneko txartela Olaizola I.ari 22-16 irabazita Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako partidan. Leitzarrak buru-belarri ekin zion partidari eta bederatzi tantoko abantaila lortu zuen lan erdietarako (12-3). Partidaren bigarren zatian, ostera, Olaizolak markagailuari buelta ematea lortu zuen, baina azken txanpan Bengoetxea VI.a nagusitu zen eta horrela, nekez baina, garaipena lortu zuen leitzarrak.

Izan ere, partida hasieratik ikusi zen norgehiagoka estua izango zela; bi pilotariak gogotsu irten ziren Labriteko kantxara, eta lehen saketik pilotakada indartsuak jo zituzten. Partidaren erritmoa oso azkarra izan zen, eta egoera horretan Olaizolak asmatu zuen lehen kintzeak bukatzen. Goizuetarra 3-1 jarri zen aurretik markagailuan ongi bukatutako bi dejadari esker, eta bere kolpearekin seguru sentitzen zela nabari zitzaion. Aurrean, ordea, konfiantzaz gainezka zegoen Bengoetxea zuen eta leitzarrak hasieratik ezker eskuarekin zein eskuinarekin erakutsitako kolpea ikusita bistan zegoen hautsita zuen hatza ez zela arazo izango.

Hiru eta bateko markagailuaren ostean Bengoetxea hamabigarren tantora arte iritsi zen zuzenean. Nafarrak era guztietako tantoak egin zituen: hiru sake, bi dejada, bi pareta bat eta Asierrek bueltatu ezin izan zituen hiru pilotakada indartsu. Hasieran ez bezala, Bengoetxea kintzeak azkar bukatzen hasi zen eta bazirudien Olaizola ez zela gai izango leitzarrak ezarritako erritmo azkarrari erantzuteko.

Erreakzioa

Hala ere, partidak puskatuta ematen zuenean, Olaizolak sakea berreskuratu eta bere pilota ateratzearekin batera, partida irauli zuen. Partida goitik behera aldatu zen, eta Goizuetako aurrelariak aurreneko minutuetan erakutsitako kolpea berreskuratu zuen. Saskitik ateratako materialak erru handia izan zuen aldaketa horretan. Olaizola seguru sentitu zen berriz ere bere pilotarekin, eta partidako unerik goxoenak bizi izan zituen. Minutu gutxiren buruan markagailuari buelta ematea lortu zuen (12-15).

Bengoetxeak, ordea, nahikoa izan zuen bere pilota berriz kantxaratzearekin, eta sakearekin baliatuz -azken zazpi tantoetatik bost sakez izan ziren- erraz menderatu zuen Olaizola partidaren hondarrean. Horrela, nafarrak lehen Eskuz Banakako finala izango du eta Gonzalez eta Barriolak jokatuko duten bigarren finalerdiko irabazlea izango du aurkari bertan.

 

Bengoetxea: «Min handia egin diot nire pilotarekin»

Partida gogorraren ostean oso pozik azaldu zen Oinatz Bengoetxea finalerako lortutako txartelarekin. Leitzarrraren arabera saskitik ateratako materiala erabakigarria izan zen azken emaitzan. «Pilotak eragin handia izan du partidan. Ni oso gustura aritu naiz nirearekin eta Asierrek asko sufritu du. Sakearekin bere ezker eskua bilatzen saiatu naiz eta min handia egin diot», aitortu zuen aurrelariak. Finalean Gonzalez edo Barriola izango du aurkari Bengoetxea VI.ak, baina oraingoz ez du horretan pentsatu nahi. «Orain disfrutatu egin nahi dut lortutakoarekin. Ez dakit beste finalerdia atzeratuko den edo ez, baina ez diot garrantzirik ematen, behatza ongi sendatuta baitaukat», azaldu zuen nafarrak. A.G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo