GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joseba Alvarez ezker abertzaleko kide kartzelatua

Errealitate objektiboaz eta baldintza subjektiboez

Ez gara iritsi XXI. mendera bizirik zapaldu gaituztenek gurekiko izan duten begiruneari esker, euskal komunitateak ukapen hori eta munduan eman diren aldaketei, oso baldintza txarretan, aurre egiten eta egokitzen jakin izan duelako baizik. Iraganekoek eginiko ahalegin hori alferrikakoa izan ez dadin, guri dagokigu etorkizunerako bidea asmatzea.

Aitortu beharra dugu azken hamarkadetan eginiko eraikuntza nazionalaren aldeko lanari esker mugimendu abertzalea Euskal Herri osoan indartzeaz gain, etorkizuna ziurta dezakeen Akordio Demokratikotik inoiz baino gertuago gaudela. Tamalez, une politiko garrantzitsu hau bai Europan eta baita munduan ere eskuin neoliberala nagusi den garaian iritsi da, eta demokraziak krisi sakona bizi duenean, politika neokontserbadorearen ondorioz. Globalizazioak zein neoliberalismoak, nazioarteko ente finantzario zein militarrek bezalaxe, munduari inposatu nahi dioten orden berriak ez baitie inolako mesederik egiten ez herriei ez langileari zein sektore herritarrei.

Sortzen ari den Europar Batasunaren jokabidea ere berdina da. Tokirik ez herrientzat Europar Batasunean edota Europan. Duela urte batzuk egin zutenaren kontra, joan den abenduan Lisboan 27 estatuek bideraturiko «Itun konstituzional murritza» ez da orain inon bozkatuko erreferendumean, Irlandan salbu. Demokraziaren izenean hitza herriei ukatu eta itun hori inposatuko baitzaigu, Europako agintariek herri erantzunaren beldur direlako, jakin badakitelako eredu neoliberal honen aurkako indarrak bai Europan eta baita munduan ere indartzen ari direla. Hego eta Erdi Amerika dira honen islarik gardenena.

Hemen ere krisi instituzional eta demokratikoa sakontzen ari da. Egia da Euskal Herrian, Europan eta munduan bezalaxe, milaka eta milaka direla zuzenean edo zeharka egungo instituzioetatik bizi diren herritarrak, baina honek ez du demokraziaren eta instituzioen krisia sakona ez denik esan nahi. Estatu frantseseko V. Errepublika eta Estatu espainoleko autonomien eredua krisian daudela beraiek ere onartzen duten errealitatea da. Gauza bera gertatzen da Euskal Herriko sare instituzionalarekin.

Krisialdi honen lehen ezaugarria instituzio horien eta herritarren artean dagoen amildegi izugarria da. Bigarrena, instituzio horiek herritarrek dituzten arazoak eta nahiak konpontzeko eta bideratzeko erakutsi duten ezintasuna edo borondate politiko falta. Europar Batasuneko langileria eta sektore herritarrek zein aurrerakoiek ez dute instituzio europarretan beren burua ordezkaturik sentitzen. Euskal Herrian ere, euskal herritar gehienok bestelako instituzioak eta marko politikoa nahiko genuke gure herriarentzat, egungo egituratze instituzional zatikatzailea azken mende honetan Euskal Herriak izan dituen arazoak konpontzeko gai izan ez delako. Argi dago, Euskal Herrian dugun sare instituzionalak eta eredu demokratikoak ez dituztela ez Euskal Herriaren etorkizuna ezta euskal herritarron bizitza duina bermatzen, ez hizkuntza alorrean, ez hezkuntzan, ez ekonomian, ez sozialean, ez lurralde antolaketan, ez askatasun politikoetan, ez giza eskubideen alorrean...

Tamalez, euskal ordezkaritza politikoaren zati handi bat, Europan bezala, bere negozioak, interesak, eta instituzioak nola sustatu eta indartu pentsatzen ari da soilik, beren hedabide indartsuen bidez iritzi publikoa prestatuz. Argi dago, ezinbestekoa den aldaketa politikoa ez dela etorriko bere jarduera politikoa sondeoen arabera eta hauteskundeen emaitzen argitan egiten eta erabakitzen duen klase politiko baten eskutik. Zer esanik ez hauteskunde horietan herritar guztiek eta aurkari politiko guztiak berdintasunean parte hartu ezin dezaketenean ere. Hori onartzen duen klase politiko baten eskutik ez dago aldaketarako aukerarik. Klase politiko honek ez du inongo arazorik eduki demokraziaren oinarrian dagoen botere banaketa hausteko edo haustura hori onartzeko, bere interesen mesedetan. Bide honetatik nagusitu zaio demokraziari segurtasunaren eta errepresioaren printzipioa. Horrela indartzen da herritarren eta instituzioen arteko zatiketa. Horrela jokatzen du justiziak Euskal Herrian bi estatuen eskutik, munduko agintariekin bat eginik, «zerrenda beltzak» sortuz.

Euskal Herrian bizi dugun Loiolaren ondorengo fase politikoan, elkarrizketa eta esku hartze soziala bultzatu beharrean, berriz ere «barne etsaia» (ezker abertzalea) deusezteko politika berria adosteko tentazioan daude. Jakin badakite bide hori antzua dela, ez duela demokrazia indartuko, bizi den gatazka politiko eta armatua ez dela gaindituko, baina beren helburua bestelakoa da, beren interes politiko eta instituzionalak babestea eta indartzea, honetarako herriari hitza ukatu behar badiote ere, eta egin egingo dute, baldin eta euskal herritarron presio sozialak bide hori baztertzera behartzen ez baditu behintzat.

Horregatik, abagune honetan herri mugimenduaren lanak, herrigintzak, herri borrokak sekulako garrantzia du. Eraikuntza nazionalean zein eraldaketa sozialaren eremuan eginiko milaka lan eta borrokak indartzen dute demokraziaren aldeko joera soziala, justizia eta bakearen aldeko kontra-korrontea. Lan eskerga honek soilik bete dezake mamiz eta edukiz gure herriak behar duen akordio demokratikoa eta, bide batez, lan honek indartuko du aldaketa politikoaren aldeko indar metaketa zein indar korrelazioa Euskal Herri osoan. Bide honek ekarriko du marko berria eta egungo zein etorkizuneko instituzio zahar eta berrien izaera demokratikoa, herrien nahia eta instituzioen borondatea uztartuz. Bide hori da Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoak benetako aldaketaren aldeko subjektuak bihurtzeko modua, euskal herritarrok aldaketaren protagonista bihurtzen gaituena. Horretan datza ezker abertzaleak eginiko akordio demokratikorako proposamena eta estrategia. Horretan kokatzen dira besteak beste Loiolako egitasmoa eta Anaitasuna zein Uztaritzeko proposamenak.

Indarkeria mota guztiak bide politikora bideratzeko bitartekoak jarri behar dira, baina beti ere indarkeria nagusia estatu frantsesaren eta espainolaren zein beraien instituzioen esku dagoela ahantzi gabe. Estatuen jokabidea baita, hemen eta munduan, indarkeria guztien iturri, bai erasotzailea denean bai erasotuen eskutik datorrenean. Baina oker handia litzateke demokraziaren arazo nagusia indarkerian datzala pentsatzea. Agintean daudenentzat jokoan dagoena beraien gizarte eredua da, interes ekonomiko eta instituzionalen sarea da arriskuan ikusten dutena, eta horregatik ez diote demokraziaren bideari eutsi nahi. Demokrazia da bakearen prezio politikoa. Bidea argia da, erraza ez den arren. Demokrazia berreskuratzeko herri nahia artikulatu beharra dago. Aldaketaren aldeko indar metaketa handitu beharra dago. Bestelako Euskal Herri baten aldeko dinamika sozialean dago arrakastaren oinarria. Egitasmo hori zehazteko proposamen sozio-politiko eta instituzional ahalik eta zabalena eta bateratuena egin behar da. Hor dago ezker abertzaleak eginiko proposamen zehatza: independentziaren bidean, erabakitzeko eskubidea jasotzen duten bi autonomia, bata Iparraldean eta bestea Hegoaldean.

Proposamen hori edota lurraldetasuna eta autodeterminazioa jasoko lituzkeen edozein adostasun eskuratzeko ezinbestekoa da bai nazio eraikuntza alorrean bai eraldaketa sozialean herri ekimenak, orokorrak eta sektorialak, indartzea. Honek indartuko du aldaketa politikoaren aldeko presio soziala. Hortik sortuko da marko juridiko eta politiko berria. Bide honek ekarriko du bakea. Lan honetan funtsezkoa da eragile sozial, sindikal, politiko eta instituzionalek duten betekizuna. Baina guri dagokigu horiengan guztiengan eragitea, beharrezkoa den bidea har dezaten. Nahi badugu, tsunami soziala sortzeko gai gara. Nahi badugu, posible da. Baldintza objektiboak mahai gainean daude, baldintza subjektiboak dira landu beharrekoak errealitatea irauli nahi badugu. Euskal Herriko historia luzean aurrera egiteko gai izan bagara, orain ere gai izango gara. Baina hori sinetsi egin behar dugu, eta bidea adostu. Bestelako Euskal Herria posible da, ezinbestekoa da. Orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo