GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Inperadoreak soldadoa behar du

Sarkozy presidenteak esplikatu zuen soldadua koldarki hil zutela. Nork? Ez zuten azaldu. Bertako gerlariak zitezkeen. Baina ez genuen jakin. Baliteke bertan konflikto bat izan eta horretan frantsesak partaide izatea, horretan indarra baliatzea Frantziaren interesen babesteko. Horretaz ez zuten deus erran

Duela aste batzuk soldadu frantses bat hil zen Sudanen. Frantses soldadua Sudanen! Baionako militarren egoitzatik hara joana, Baionan militarren egoitza garrantzitsu bat kokatua baita aspaldidanik. Han hil zuten eta Baionan bertan lehen ohore omenaldia egin zioten.

Omenaldi horretara instituzio nagusiak hurbildu ziren, Frantziako presidentea, Armadako ministroa eta instituzioetako ordezkari nagusi guztiak. Ttattar eder eta arropa lirainez jantzirik, errepublikako ohore guztiak erori ziren soldadu gaztearen gainera, domina eta doluminekin batera, familiaren presentzian.

Sarkozy presidenteak esplikatu zuen hilketa basati bat izan zela, hango lurretara igorritako soldaduaren funtzioa bakea zitekeelakoan! Hango lurraldeen onerako igorritako soldadua zela alegia. Hain helburu handiz betetako misioko partaidea koldarki hil zutela. Nork? Ez zuten azaldu. Bertako gerlariak zitezkeen. Baina ez genuen jakin. Baliteke bertan konflikto bat izatea, horretan frantsesak partaide izatea, horretan indarra baliatzea Frantziaren interesen babesteko. Horretaz ez zuten deus erran.

Hilkutxa frantses banderaz estali zuten. Armadan lan egiteko izenpetu zuen gazteak ez zukeen uste horrela bukatuko zuenik, ahantziko zukeen militarrak gerlarako ordainduak direla, batzuen interesen babesteko, Frantziak maila horretan, sekulan baino gehiago, aspaldiko partez, planetan zehar dauden konfliktoetan parte hartzea erabaki duela, Afganistanera milaka soldadu gehiago igortzea erabaki duela. Soldadu horiek hilketa basati batzuen biktimak izanen ote dira? Hori sinetsi al dute, ala badakite, gerla batean murgiltzera igortzen direla, herri horietan ez dituztela nahi, inposaketa baizik ez baitute ekartzen, eta miseria, heriotza eta oinazea. Hori guztia kontatu al diete gazterik armadan sartzen diren neska eta mutiko horiei eta haien familiei? Baliteke Frantziaren alde borrokatzeko prest egotea, Frantziaren interesen indartzeko borrokarako prest izatea. Hala bada, ez litzateke hilketa basatia, gudu batean bi alderdiren arteko enfrentamendu baten ondorioz hildako militar baten omenaldia baizik. Sudanen gudariak militarrak baitira, haien lurra eta haien herriaren alde borrokatzeko prest. Frantziak ez du konflikto hori ezagutzen, militar gehiago igortzen ditu, indarraren erabiltzea erabaki baitu. Frantziak gerlarako joera izan du beti. Intentsitate gutxiko konfliktoak nahiago ditu eta gehienetan ez du negoziatzen. Prentsa baliatzen du gero egoera itzulikatzeko eta familien mina, pena, oinazea baliatzen, Frantziaren aurka borrokatzen direnen legitimitatea desitxuratzeko. Sinestera eman nahi luke Frantziak ez duela hiltzen, giza eskubideak errespetatzen dituela eta zuzenbide estatua dela. Estatuaren zutabeak lege eta itun guztien gainetik zaintzen ditu.

Frantziak ez du hizkuntz gutxituen karta errespetatzen, hau delarik Europan bozkatutako erabakia. Ez da gai horretaz debate sakon eta baikor baten eramateko, Gobernutik erabakien inposatzeko errazki ausartzen direlarik, hizkuntz gutxituen alde urrats baten egiteko nahikeriarik ez dago. Frantzia bat handi eta librea da gaurko egoera, askatasuna, berdintasuna, ahaidetasuna galdu ziren Pariseko podorearen metaketaren pasabideetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo