GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

90 minutuak eta iritzi publikoa

Kronikek diotenez, 90 minutu behar izan omen zituen Wen Jiabao lehen ministroak hegazkina hartu eta Bejingdik Chengdura abiatzeko, joan zen astelehenean Wenchuango lurrikararen berri izan zutenean. Astebete beranduago bertan jarraitzen duela dirudi, erreskate lanak zuzentzen, Txinako goi arduralaritza gorenaren zati handi bat ondoan duela. Pitzatuta geratu diren urtegien hausturak eragin dezakeen anabasaren beldurra, etengabeko errepikek eragiten duten izuarekin uztartzen den bitartean. Ostiralaz geroztik, haatik, nagusi gorena, Hu Jintao lehendakaria ere bertan da. Gorbatarik gabe.

Sinologian batere aditua izan gabe ere, erraza da lehen gogoeta bat egitea: arazoaren larritasuna begien bistakoa zenez lehen unetik, prestutasun osoz eta ahalik eraginkorren erantzun nahi izan dio Txinako agintaritza gorenak triskantzari. Edo behintzat horrela agertu nahi du bere iritzi publikoaren aurrean. Informazioari buruz erakutsi duten jarrerak berretsi egiten du irudipen hori: edonongo hedabideei ez zaie eragozpenik ipini Wenchuanera iristeko, eta Txinako hedabide ofizialen arreta aparta izaten ari da. Are apartagoa da, hala ere, bestea: munduko bazter guztietatik heldu zaizkien laguntza eskaintzak (aditu, material edota dirutan) onartu egin dituzte... Taiwandik iritsi zaizkienak (prestutasunez nahiz kantitatez handienak) barne, inolako baldintzarik gabe. Diasporako txinatarrengandik heltzen ari direnak bezalaxe.

Arratoiaren urte erabakigarri honetan, bere Gizarte Harmoniatsuaren teoria ez dela erretolika hutsa frogatzen ari dela Hu Jintaoren Laugarren Belaunaldia esango dit baten batek. Edota, New Orleansekoa gogoratuz, hurkoaren hutsegiteetatik ikasteko gai direla erakusten. Litekeena da. Duela 32 urte barne krisi latzean zegoen agintaritzak Tangshaneko lurrikara (XX. mendeko hilgarriena) haren aurrean erakutsi zuen zabarkeria eta ideologizazio merketik oso urruti daudela, behintzat, argi dago.

Aurreraxeago begiratuko nuke nik, ordea. Partidu bakarreko sistemetan ere iritzi publikoa, izan, badela ondotxo dakitenez eta, bide batez, badakitenez iritzi publiko horrek galde egiten diela ea zergatik izan diren eskolak lurrikara honetan errazen erori diren eraikinak... Txinako agintari gorenek ez dute nahi inork pareka ditzan kaltetuentzat, denen artean, 32,5 milioi yuan besterik oparitu ez dituzten hamar txinatar aberatsenekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo