GARA > Idatzia > Euskal Herria

Imanol Muruaren aldeko hileta, gaur arratsean, Zarauzko Santa Maria elizan

GARA |

Gipuzkoako ahaldun nagusi, Zarauzko alkate eta, besteak beste, parlamentari izandako Imanol Murua Arregi iragan larunbat gauean zendu zen Donostiako ospitalean, 72 urte zituela, gaixotasun larri baten eraginez. Astebete zeraman erietxean.

Zarauzko udaletxean jarriko dute haren hil-kapera, gaur, goizeko hamarretatik aurrera, eta hileta elizkizunak 19.00etan izango dira herriko Santa Maria parrokian.

Hainbat politikarik Muruaren omenezko hitzak izan zituzten atzo, horien artean EAko lehendakaria den Unai Ziarretak. Izan ere, EAJren barnean zatiketa izan zenean, EAren aldeko apustua egin zuen zarauztarrak.

Alde horretatik, EAko buruak atzo nabarmendu zuen Muruaren legatua betirako gordeko duela bai bere alderdiak, bai abertzaletasunak bere osotasunean.

«Erreferente bat»

Zuzentzen duen alderdiaren izenean, «samina eta tristurarik handiena» azaldu zituen Ziarretak, eta aipatu zuen beren alderdikidea «Euskal Herriarekin konpromisoa zuen militantea» zela, eta «erabateko erreferentea abertzaletasunarentzat». «Gizon handi bat joan zaigu, baina konpromisoa hartuko dugu Euskal Herriarekiko haren maitasunari eta lanari eusteko».

Horrekin batera, iragarri zuen datozen egunetan, Muruaren omenezko ekitaldi bat antolatuko duela EAk.

Kirolzale handia zen, eta hainbat herri ekimenetan buru-belarri jardun zuen. Zarauzko alkate izan zen hiru legealditan, bai EAJren izenean, bai EAren zerrendetan.

Ahaldun nagusia izan zen Gipuzkoan, baita Kultura arloko arduraduna ere, eta, besteak beste, Arteleku eta Koldo Mitxelena kulturunea martxan jarri zituen.

Justizia espainolaren oldarraldia ere jasan behar izan zuen Muruak, alkate izandako azken garaian, herriaren borondateari eta udalaren gehiengoak esandakoari men eginez, uko egin baitzion Armada espainolari laguntzeari, zarauztar gazteek soldaduska egin zezaten. Horren ondorioz, kargu publiko izateko debekua ezarri zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo