GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa triatloia

Goiherrik iazko bidea hartu du, eta 680koan nagusitu da

Lehen jardunaldian bigarren geratu ziren berdeak, baina herenegun eta atzo irabazi ostean, beraientzat izan da lur gaineko Euskal Herriko lehen txapela

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Goiherrik ez du barkatu asteburu honetan, eta 680 kilotan jokatu diren bi jardunaldiak irabazi egin ditu, eta horrekin batera, pisu horretako garailearen txapela jantzi du.

Herenegun Azkoitian irabazi egin zuen, saioko tiraldi guztiak bereganatu zituenez. Bigarren Gaztedi geratu zen, berdeen aurka bakarrik galduta. Hirugarren Mutriku geratu zen, aurreko bi horien aurka galdu, eta Getxori eta Aresori irabazita.. Getxok, Areso bakarrik menderatu zuen, eta nafarrek, jokatutako neurketa guztiak galdu zituzten.

Horiek horrela, atzoko jardunaldia hasi aurretik, berdinduta geratu ziren lehen postuan Gaztedi eta Goiherri. Bakoitzak jardunaldi bana bereganatu baitzuen, eta garbi zegoen, atzo bietan garaile ateratzen zenak eramango zuela txapela.

Atzokoan bazirudien garaipena Gaztediren eta Gohierriren arteko dema irabazten zuenak eramango zuela, eta bete egin ziren hasierako uste horiek. Bi talde hauen arteko bi tiraldiak Goiherrik eraman zituen, eta hor lortu zuen txapela, gainerakoan, beste talde guztiak ere mendean hartu baitzituen.

Gaztedi bigarren izan zen. Berdeen aurka, atzo ere galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten. Hirugarren postuan, atzo berdinduta geratu ziren Mutriku eta Getxo. Aurreko bi taldeekin galdu egin zuten, eta biek irabazi zioten Aresori. Elkarren artekoan, berriz, berdindu egin zuten, eta parean amaitu zuten atzoko jardunaldian, baina ez sailkapen nagusian. Azken postuan, atzo ere Areso geratu zen, saioko tiraldi guztiak galduta. Sailkapen nagusia, honela geratu zen: lehenengo, Goiherri, 14 punturekin; bigarren, Gaztedi 13 punturekin; hirugarren Mutriku 8,5 punturekin, laugaren Getxo 5,5 punturekin eta azkena, berriz, Areso geratu da 4 punturekin.

Ñapurrak

Ipar Euskal Herriko goma gaineko Txapelketa herenegun amaitu zen, eta Ñapurrak Ezpeletako taldea erabat nagusitu zen jokatu ziren hiru finaletan. 680 kilotan, Uztaritze eta Urruña utzi zituen bazterrean.

560 kilotan, bi talde bakarrik ziren finalean, eta Baiona izan zuten aurrez aurre, eta aise menderatu zuten hiriburuko taldea. Ezpeletakoak 435 kilotan ere ez zuen arazorik izan garaipena erdiesteko, eta Baiona eta Uztaritze menderatu zituen.

Ipar Euskal Herriko Txapelketan Ñapurrak zen faborito nagusia, eta grisek ez dute hutsik egin, jokatutako ia final denak irabazi egin baitituzte. Hasiera ona ez zuten izan, Uztaritzek txapela kendu baitzien, baina hortik aurrera ez dute hutsik egin. Saio honekin, amaitu dira aurtengoz Euskal Herrian goma gaineko saioak, eta orain lur gainekoak bakarrik geratuko dira denboraldia amaitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo