Gizon-proba
Mikel Altzolak berriro ere Euskal Herrikoa irabazi du
J.L. | DONOSTIA
Mikel Altzolak ez zuen hutsik egin, eta irabazi egin zuen atzo Pobesen jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa. Bizkaitarra zen ordura arteko txapelduna, baita atzo garaipena lortzeko faborito nagusia ere, eta amaieran erraz lortu zuen txapela.
Ordu erdian harriari tiraka aritu ostean, 6 untze eta 0,15 metro egin zituen. Atzetik sailkatu zen Juan Carlos Lopez. Arabarra zen Altzolari aurre egiteko moduko bakarra, baina ezin izan zuen. Hala ere, Lopezek lan ona egin zuen. Berak, 4 untze, 3/4 eta 1,20 metro egin zituen.
Hortik atzera lehia handia izan zen, hiru kirolari hiru untzeren barruan sartu baitziren. Hirugarren Urpe sailkatu zen, 3 untze, 3/4 eta 4,20 metro eginda. Laugarren postuan, berriz, Satsibar sailkatu zen, 3 untze eta 2,5 metro eginda. Bosgarren, berriz, Basaibar sailkatu zen 3 untze eta 1,60 metro eginda.
Azken postuan, berriz, Ormaetxea geratu zen, eta besteetatik nahiko aparte, izan ere, bi untze eta metro bat eta 70 centimetro egin zituen berak.