Motoziklismoa Frantziako Sari Nagusia
Rossirik hoberena bueltan da eta, berarekin, marka berria
Yamahako gidari italiarra erraz gailendu zen, 90. garaipena erdietsi zuen eta lider berria da. Lorenzok egundoko lasterketa egin zuen atzetik aurrera.
Ander GARTZIA | BILBO
Valentino Rossi italiarra izan zen Le Mans zirkuitu historikoan lasterlaririk azkarrena Moto GP lasterketan, Jorge Lorenzo taldekidearen eta Collin Edwards estatubatuarraren aurretik. Horrela, munduko txapeldun zazpi bider izandakoaren izarra inoiz baino distiratsuago dago. Atzo azaldutako nagusitasunari esker, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen erreskadan, 2006tik lortu ez zuena, eta hiru puntuko aldearekin, kategoria nagusiko lider berria da. Rossik bere garai onenetako maila erakutsi zuen Frantziako pista gainean, eta Angel Nietok lortutako 90 garaipenak berdindu zituenez, omenaldi gisa, biek batera eman zuten italiarraren Yamaharen gainean lasterketa amaitu osteko itzulia.
Pozik egoteko arrazoiak dituena, halaber, Jorge Lorenzo balearra da. Yamahako pilotuak egundoko lasterketa egin zuen, nahiz eta bi orkatilak apurtuta izan, eta asteburuko entrenamenduetan bi eroriko izan. Hamabigarren postutik bigarren tokiraino aurreratu zen, bidean aurkitu zituen motor guztiak trebezia apartarekin gaindituz.
Lorenzok ez zuen irteera onik egin, eta Txinan gertatu bezala, atzeko postuetatik ekin behar izan zion lasterketari. Aurrean berriz, Pedrosak ezin izan zion eutsi larunbatean lortutako postu «pribilegiatuari», eta probako buru Casey Stoner australiarra izan zen lehen itzulietan. Iazko txapeldunak erritmo azkarra ezarri zuen hasiera-hasieratik eta Rossi, Pedrosa eta Edwards izan ziren bakarrak bat zenbakidun Ducatiari ondotik jarraitzen. Hala ere, 17 itzuli falta zirela, Rossi lehen postuan jarri zen eta itzuli berean Pedrosak, asko arriskatuta, atzean utzi zuen Stoner gaztea.
Une horretan hasi ziren Moto GP lasterketan lehen euri tantak erortzen Le Mansko asfalto gainera, eta egoera hori aprobetxatu zuten Rossi eta Lorenzok. Lehenak ez zuen erritmoa jaitsi eta apurka-apurka gainontzeko aurkarietatik aldentzen joan zen. Balearretakoak, berriz, aurrean zituen pilotuak banan-banan aurreratu zituen maisutasunez. Zortzi itzuli falta zirenean Lorenzo laugarren postura helduta zegoen, eta Stoner aurreratzen zihoan unean, australiarrari bere Ducatiaren motorrak huts egin zion. Pedrosa kataluniarrak, berriz, aurkariekin alderatuta, jarrera zertxobait kontserbadorea hartu zuen euri tantak azaldu bezain laster, eta ezin izan zien eutsi Lorenzo eta Edwardsi.
Debón eta Di Meglio
Alex Debón kataluniarrak, 32 urterekin, bere aurreneko lasterketa irabazi zuen litro laurdenekoan nagusituta. Zirkuitua lehortzen ari zen, eta pilotuek erabilitako pneumatikoak erabakigarriak izan ziren. Bere atzetik Marco Simoncelli eta Mattia Pasini sailkatu ziren.
125ekoan, berriz, Di Meglio frantziarrak eskuratu zuen bere jarraitzaileen aurrean garaipena eta lidertza, batik bat lasterketaren erdialdera botatako euriaren ondorioz. Ordura arte Olivé zen azkarrena baina epaileek lasterketa berriz hastea erabaki zuten. Itzuli bakar bat gehiago eman izan balute Olivek irabaziko zukeen, itzulien bi herenak emanak izango baitziren.
Efren Vazquez pilotu bizkaitarrak ezer gutxi egin ahal izan zuen Frantziako Sari Nagusian motorrarekin izandako arazoengatik, eta lasterketaren erdialdera lehia utzi behar izan zuen. «Beldur handiarekin etorri naiz lasterketara, banekielako min handia izango nuela oinean. Ez dut astirik ere izan horretarako. Motorra ez zihoan behar bezala, eta ez gara konpontzeko gai izan», azaldu zuen Errekaldekoak. Vazquezen ustez, lasterketa txukuna egin zezakeen, baina orain ostiraleko erorian mindutako orkatila sendatu nahi du: «Proba ez bukatzea ez da guztiz txarra izan. Horrela, gutxienez, ez dut oina behartu eta orain atsedena behar dut».