Lakuako Gobernuak biktima batzuk omendu eta bertzeak ahantzi ditu
Iaz Bilbon egindakoaren ostean, Terrorismoaren Biktimen Omenezko Bigarren Ekitaldi Instituzionala egin zuen atzo Lakuako Gobernuak Donostiako Kursaalen. ETAren azken atentatuan hildako Juan Manuel Piñuel guardia zibila gogoratuz hasi zuten ekitaldia, eta beste guardia zibil batek hartu zuen lehen hitza. Agintari politiko eta instituzioetako ordezkari ugari izan zen zenbait biktimen testigantza jaso baina biktima ugari ahaztu zituen ekitaldian.
Maider IANTZI |
Joan den asteazkenean Legutioko kuartelean hildako Juan Manuel Piñuel guardia zibila, haren emaztea eta semea oroituz ekin zioten «terrorismoaren biktimak omendu eta aitortzeko» ekitaldiari. Agertokiaren aitzinean oihal zuri bat zegoen eta bi artista pintzelak astintzen hasi ziren. Margolan bat osatu behar zuten Kursaalen ikusi, aditu eta sentitutakoarekin. Donostiako txistularien bandak ohorezko kontrapasa jo zuen José Inazio Ansorenaren zuzendaritzapean eta Josu Sánchez dantzariaren mugimendu arinek lagunduta.
Edurne Ormazabal aurkezleak Pedro Miguel Etxenikeri eman zion hitza lehenbizi. Zientzialari eta politikari honek erran zuen gizarte demokratiko batek ezin duela onartu «terrorismorik» bere barnean. «Ez da ideologia politiko kontua. Aurreko zerbait da, elkarbizitzarako espazio komun bat, eta hori onartzen ez duenak ez ditu gizarte demokratiko bat osatzeko baldintzak betetzen», adierazi zuen. Indarkeria mota horren gaitzespena hezurmamitzeko beharraz mintzatu zen, eta nabarmendu zuenez, lehentasuna ETAri «zilegitasuna kentzea da».
Solastatu zen hurrengo laguna Irlandatik etorritako gizon bat izan zen, Omagh-en biktimen taldeko bozeramailea, Michael Galagher. Ipar Irlandako, Estatu frantseseko eta Italiako kolektibo batzuen ordezkari izan zen.
Lakuako Gobernuko Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariak, Maixabel Lasak, minutu bateko isilunea eskatu zuen «gure artean faltan botatzen ditugun pertsonak» eta, bereziki, Juan Manuel Piñuel gogoratzeko. Euskalduna jauregian Terrorismoaren Biktimen Omenezko Lehenbiziko Ekitaldi Instituzionala egin zutenetik urte bat baino gehiago joan dela ekarri zuen gogora. «Garai zaila izan da, beste behin ere indarkeria terroristak familia errugabeen bihotzak kolpatu ditu», azaldu zuen. Capbretonen Fernando Trapero eta Raúl Centeno guardia zibilak «beren lana egiten ari zirela» hil zituztela esan zuen; Isaías Carrasco langile «sozialista izateagatik» hil zutela erran zuen; eta Bilboko La Peña auzoan Gabriel Giner bizkartzainak bizitza ozta-ozta salbatu zuela azaldu zuen.
Lasaren hitzetan, «heriotza mehatxu kolektibo» bat dago hainbat jenderen kontra: epaileak, kazetariak, ordezkaritza politikoaren zati garrantzitsu bat... aipatu zituen. Egoera horretan etsitzeak arriskua dakarrela ohartarazi zuen eta euskaldunei eskatu zien gertutik tokatzen ez zaien bitartean arriskuarekin bizitzera ez daitezela ohitu. ETAk hildako Juan María Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibilaren alargunari ez zaio bidezkoa iruditzen bakea lortzea estatus politiko berri batekin lotzea. «Zuzenbide Estatuaren nagusitasun moralean sinesten dugu. Hemen gaude. Ekitaldi hau ezinezkoa izango zen duela bost urte; duela hamar, ero baten burutazioa; eta duela hamabost, probokazio bat. Esperantzari tarte bat uzten saiatzen gara, aretoko lehenbiziko lerroetan zaudetenongatik», esan zuen.
Zazpi oroigarri
Juan José Ibarretxe lehendakariak oroigarri bana eman zion zazpi laguni. Honakoa dago idatzita oroigarri horietan: «Seremos seres enteros el día en que podamos vernos en vuestras miradas». Clara Campos, Manuel Orcera de la Cruz polizia espainolaren alarguna; José Marcos Ferreiro, hildako Juan Antonio Marcos guardia zibilaren aita; Amalia García Mora, Pablo Sánchez César polizia espainolaren alarguna; Lucía Nieves Valverde, zauritutako Francisco Zaragoza Luc polizia espainolaren emaztea; Dolores Martín Martín, Sevilla I kartzelaren kontrako atentatuan zauritua; Monserrat Morales, Rafael Leiva Loro polizia espainolaren alarguna; eta Marian Romero, Isaías Carrasco PSOEko zinegotzi ohiaren alarguna izan ziren oparia jaso zutenak, «biktima guztien izenean».
«Zuek zarete gaur protagonista. Nik Eusko Jaurlaritzaren izenean esker ona eman nahi dizuet eta euskal gizartearen izenean besarkada bat. Ez zarete instituzio euskaldunekin egotera etorri; instituzioak izan gara zuekin egotera etorri garenak», erran zuen.
Ehunka biktimaz gain, instituzioetako ordezkariak bildu ziren Kursaalen: Gasteizko Legebiltzarreko presidentea, Izaskun Bilbao, Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano; Batzar Nagusietako presidentea, Rafaela Romero; eta Donostiako alkatea, Odón Elorza, besteak beste. Han ziren agintari politikoak ere: PSE-EEko idazkari nagusia, Patxi López; EAJko Gipuzkoako presidentea, Joseba Egibar; EAko Rafa Larreina; EBko Javier Madrazo; eta Aralarreko Aintzane Ezenarro, batzuk aipatzeagatik. PPkoak eta Covite-koak ez ziren izan.
1984an Galdakaon ETAk larri zauritutako Leoncio Sainz guardia zibila izan zen hitza hartu zuen lehenbizikoa. «Guardia zibila naiz», hasi zen erraten, eta txalo zaparrada batek isilarazi zuen. «Ohore handia da hori niretzat, eta inoiz ez naiz gaur bezain harro sentitu», segitu zuen. Bere ustez, Juan Manuel Piñuelen heriotzak eta «beste hainbat guardia zibilek lur honetan egindako ahaleginak» arrazoi bat dauka «hainbeste min jasateko»: «Herritarren askatasunaren eta eskubideen defentsa». Gasteizko Legebiltzarrean Piñuelen omenez egindako ekitaldia etorkizunerako adibide dela baloratu zuen.
Liborio Arana Alonsotegin hil zuten 1980an, ideologia «nazionalistako» familia baten ostatu batean. Jesus Mari Aranak erran zuen ez zutela jakin zeinek hil zien aita. Kontatu zuen nola ikusi zuten azken urte hauetan ETAren biktimak gizartean protagonismoa hartzen hasi zirela. Bidezkoa iruditu zitzaien, «badakigulako guk bezala bakardadea eta babes eza sentitu dutela, edo guk haiek bezala», azaldu zuen Aranak.
Santos Santamaríak, 2001ean ETAk hildako «mosso d'esquadra»ren aitak politikariei, gizarteari eta instituzioei batzeko eskatu zien. «Bakarrik egiten ziren lur emate lotsagarrietatik, eta esaldi koldar eta konplizeetatik gaurko ekitaldira, hileta elizkizun handietara» pasatu direla nabarmendu zuen.
Iñaki Arrizabalagak, 1980an ETAk hil zuen Telefonica-ko Gipuzkoako ordezkariaren semeak, azkenik, terrorismoari zilegitasuna kentzeko eta biktimek etengabeko injustizia egoera jasaten dutela kontuan izateko eskatu zion euskal gizarteari.