GARA > Idatzia > Euskal Herria

Senideen jarduna «zilegi» zela dio poliziakide batek ANean

M. A. |

Amnistiaren aldeko mugimenduaren kontrako epaiketan Polizia espainolaren informazio zerbitzuetako kideek jarraitu zuten atzo deklaratzen, eta Senideak elkarteak egiten zuen lana «zilegi» zela adierazi zuten. 19.242 polizia-agenteak euskal preso politikoen senideak batzeko elkartea sakabanaketa politikak eraginda sortu zela esan zuen, eta Amnistiaren Aldeko Batzordeekin harreman «estua» zutela. Poliziak gaineratu zuenez, errepresioaren kontrako erakundea batzuetan Senideak taldearen jardueraz baliatzen zen.

Amnistiaren aldeko mugimendua errepresaliatuei omenaldiak eta ongietorriak egiteaz arduratzen dela ere azaldu zuen poliziakideak. Horretarako, 2000ko abuztuan Boluetan hildako lau etakideen omenaldirako prestatutako hitzaldi politikoa aurkeztu zuen froga gisa. Erregistro ezberdinetan atzemandako testu hartan «konponbide politikoaren eta bakearen» aldeko apologia» egiten zela zehaztu zuen.

Bestalde, goizeko saioan errefuxiatuei buruz mintzatu zen. Poliziakide horren iritziz, kolektibo horretako kide guztiak ETAkoak omen dira eta Cabo Verde eta Nikaraguako kasuak aipatu zituen. Hori frogatzeko, abokatuek emandako asistentzia eta bisitetan egindako harreman politikoak eta gastuak agertzen zituen dokumentu bat aurkeztu zuen. Joseba Agudo abokatuaren bulegoan atzeman arren, bera ez baitago inputaturik, froga gisa aurkeztu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo