Laura Mintegi Idazlea
Kopurua ez, tamaina
Orain, egunero, ezuste ederrak ematen dizkigu prentsak. Urtero izen berriak, lan berriak, asmo berriak, ikuskera berriak
Hamaika gehi berrogei. Berrogeita hamaika (51), hain zuzen ere. Ezin kontatu Begoña Bilbao, zoritxarrez. Berrogeita hamaika emakume idazle 2008an.
Urrun gelditzen da Juanito San Martinek 1975. urtean ematen zuen zerrenda. Garaiko artikulu batean esaten zion Mari Karmen Garmendiari emakume gutxiegi jarri zituela idazleen zerrendan («Hegats»en argitaraturiko artikulu batean), hiru baino ez; hirurogeiko zerrenda batetik hiru emakume idazle soilik eta, gainera, hiru horietariko bat ez zela emakumea, gizonezkoa zela ziotson San Martinek. Juanitok izen hauek eskaini zituen orduan, 1975 urrun hartan: Milia Lasturko eta bere ahizpa, Santxa Hortiz, Maria Balda, Oxanda Gabiola, Santxa Otxoa Ozaetakoa, Luisa Miserikordiakoa, Bizenta Antonia Mogel, Rosario Artola, Rosa Bustintza, Julene Azpeitia, Tene Mujika, Marie Ariztiasaratarra, Mariejane Minaberry, Lourdes Iriondo eta, amaitzeko, Amaia Lasa eta Arantxa Urretabizkaia aipatu zituen. Hamazazpi emakume idazle euskal literaturaren historia osoan.
Kanpoan utzi zituen, hala ere, Katariñe Eleizegi, Sorne Unzueta, Mayi Ariztia, Alosko Usoa, Mayi Pelot, Henriette Aire, eta izenik ere ez dutenak: Butroeko Gómez Gonzálezen alaba edo Oroko Peru Gartziaren ahizpa.
Hogeita bat urte geroago Linda Whitek izugarri luzatu zuen zerrenda. Hirurehun emakume idazle, euskal literaturaren historian. «Emakumeen Hitzak Euskaraz: Basque Women Writers of the Twentieth Century» liburuan emandako datuek harritu gintuzten 1996an. Kalkulua egiteko erabili zuen irizpidea erraza zen: gizonezkoak zenbatzeko Villasantek erabili zuen irizpide bera. Beraz, ezin kanpoan utzi liburu bakarra zutenak, edo itzultzaileak, edo haur literaturan jardun zutenak edo artikulugileak.
Orain egunero ezuste ederrak ematen dizkigu prentsak. Urtero izen berriak, lan berriak, asmo berriak, ikuskera berriak. Azkena Garazi Goia izan da. Aurrekoa Irati Elorrieta. Orain ez asko ezagutu genituen Irati Jimenez, Uxue Alberdi, Uxue Apaolaza, eta beste hainbat.
2008an hamaika eta berrogei, berrogeita hamaika izen aipa daitezke: Uxue Alberdi, Nagore Amundarain, Uxue Apaolaza, Anuntxi Arana, Nora Arbelbide, Aurelia Arkotxa, Ainhoa Arozena, Yolanda Arrieta, Aintzane Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Arrate Egaña, Irati Elorrieta, Amaia Elosegi, Inma Errea, Idoia Etxebarria, Ixabel Etxeberria, Enkarni Genua, Aitzpea Goenaga, Garazi Goia, Sonia González, Maite González Esnal, Lierni Ibargutxi, Aitxus Iñarra, Tere Irastortza, Arantza Iturbe, Amaia Iturbide, Karmele Jaio, Irati Jimenez, Pili Kaltzada, Mariasun Landa, Goizalde Landabaso, Yolanda Larreategi, Amaia Lasa, Gemma Lasarte, Itziar Madina, Eukene Martin, Laida Martínez, Miren Agur Meabe, Amaia Mendoza, Isabel Millet, Esther Mugertza, Jasone Osoro, Ixiar Rozas, Maripi Solbes, Castillo Suárez, Maribi Unamuno, Edurne Urkiola, Ana Urkitza, Arantxa Urretabizkaia, Itziar Zubizarreta.
Kopurua ez da garrantzitsua. Tamaina bai ordea.