GARA > Idatzia > Gutunak

Maribi Arregi Izagirre Joxe Arregiren arreba, Zizurkil

Maria Angeles Lazkano Zizurkilgo alkateari

Idatzi honen bidez esan nahi dizut zer-nolako mina egin diguzun zizurkildar askori zure erabakiarekin. Hilabete batzuk igaro diren arren, ez pentsa ahazteko moduan gaudenik. egunetik egunera nire amorrua deskribaezina egiten zait. Ez naiz oso iaioa idazteko kontuetan eta, besterik gabe, hona hemen esan nahi dizudana:

Jakin ezazu sekula ez dizudala barkatuko nire amari egin diozun mina. «Nire semea berriro hiltzea bezala izan da», esaten zidan amak behin eta berriz negar-malkotan. Justu plaka kendu zenuen egunean eman zuen bere azkenengo arnasa...

Ez dizut esaten horregatik hil zenik, baina bai 93 urteko ama bati labankada zorrotz-zorrotza sartu diozuela bere bihotz handian, eta zuk, ongi asko dakizu gure ama 1981eko otsailaren 13a ezkero aski sufritutako ama izan dela. Gure Joxe biktima da, torturatua eta eraila, beste asko bezala. Alde guztietan dira biktimak. Baina zuk erabilera gaizto eta politikoki interesatua egin duzu, alde batera bakarrik begiratuz, gure sufrimendua ez zaizula batere inporta adieraziz.

Joxe Arregiren eta Jose Luis Gerestaren plaka eta oroigarriak kendu dituzue, baina guretzat betiko izango dira haien plazak, eta oso harro gaude beren senideak izateagatik eta beren bizitza herriarengatik eman zutelako.

Egunen batean konturatuko zara zure interes politikoak aurrera eramateagatik Zizurkilgo bi plazen izenak saldu dituzula, Joxe eta Joxeluren senitarteko eta lagunen sufrimendua berriz ere azaleratuz, zure ahoan jartzen dituzun erabakiak herritarron nahia kontuan hartu gabe izan direla.

Tristea da baina, nahiz eta urte asko pasa, oraindik esan behar dugu: oso latza izan da...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo