Jon Urruxulegi Idazlea. Donostia.
Euskararen Jatorriaren III. Biltzarra
Euskararen Jatorriaren I. Biltzarra Arantzazun eta II.a Donostian ospatu ondoren, III. Biltzarra egin da aurten, maiatzaren 17an, Arabako Iruña Oka herri polit eta txukunean. Lanen aldetik, jardunaldi trinkoa baina oso emankorra gertatu zen, aurreko biak bezalaxe.
Euskararen historian zehar sokatira luzea ari da jokatzen. Batzuek euskara hizkuntza erabat isolatua dela eta Euskal Herrian bakarrik garatu dela dioen teoria defendatzen dute, eta beste batzuek euskararen hedadura (proto-euskararena) ia Europa osoan eta munduko beste eskualde askotan hedatu zen hipotesia defendatzen dute. Azken hamarkadetan aurrerapen handiak egon dira, batez ere populazioen genetikan, herri dibertsoen migrazioak ikertzeko aukeran, etab. Adibidez, Europako historiaurreko hizkuntzari buruz ikerketa-lan berri oso interesgarriak argitaratu ziren Alemanian «Spektrum der Wissenschaft» aldizkarian 2002ko maiatzean. Theo Vennemenn irakasle eta filologo ezagunak aipatu aldizkarian «Europako historiaurreko jatorrizko hizkuntza» euskara izan bide zela dio, Alemaniako hidronimia euskararekin bakarrik lotu daitekeelako bere iritziz. Merezi du Stephen Oppenheimer-en «Los senderos del Edén» eta «The Origins of the British» liburuak irakurtzea; horietan Oxfordeko Unibertsitateko genetistak euskaldunak (nolabait esateko, gure aurrekoak) Britainia Handiko jatorrizko aurreneko biztanleak izan zirela frogatzen du. Ikerketa horien emaitzek oso oihartzun eskasa izan dute nola Euskal Herrian hala Espainian bertako ikerlarien eta intelektualen artean. Eta ez dakigu zergatik.
Historiaurreko euskararen egoera linguistikoaren inguruko ikerketak hasi besterik ez dira egin. Normala iruditzen zait iritzi berriekiko oposizioa agertzea, baina ez zait hain normala iruditzen aipatutako iritzi berri horiei zentzurik gabeko boikot mediatikoa eta intelektuala egitea eta, batzuetan, baita mespretxuzko hitzez arbuiatzea ere. Batez ere geure intelektualen aldetik.
Bukatzeko, zorionak ematea besterik ez zait geratzen, zorionak antolatzaileei egoki eta eraginkortasunez antolatu dutelako, Iruña Veleiara egindako bisita eta guzti; zorionak ponentziak aurkeztu zituzten intelektual guztiei; zorionak Iruña Okako alkate jaunari bertako areto bikaina doan utzi eta hitzaurrea berak eman zuelako; eta zorionak beste behin antolatzaileei zendu berri den Henrike Knörr jakintsuari omenaldi xume bat eskaintzeko aukera prestatu zutelako bere emaztea eta alaba ospakizunera gonbidatuz; eta eskerrak hauei biei ere omenaldia jasotzera bertaratu zirelako. Egun eder eta betea Iruña Okan izan genuena. IV. Biltzarraren zain geratzen gara.