GARA > Idatzia > Musika

Al Kooper, rock & rollaren urre gorrizko teklatu-jotzailea, lehenengo aldiz gure agertokietan

Bob Dylan-en «Highway 61 revisited» lanean teklatuak jo zituen Al Kooper maisuak berrogeita hamar urteko ibilbidea osatu behar izan du gurean agertzeko, Peter Hammill-en bisita jasoko dugun asteburu berean.

p056_f01_97x124.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Musikari zein ekoizle, ez da erraza laburtzen Al Kooperren lana. Gitarra eta teklatuak lagun, hamahiru urte zituenetik dihardu musika ontzen eta jotzen 1944an Brooklynen jaiotako artistak. Musikari gisa, Bob Dylanen «Highway 61 Revisited» eta «Blonde or Blonde» maisulanetan parte hartu zuen eta 1965eko Newport-eko zuzeneko ospetsuan jo; ziurrenera, egin dituen lan ezagunenak. Bide luzea egin du harrezkero.

Blues Project izan zuen lehenengo talde garrantzitsua eta Blood Sweat & Tears taldea sortu zuen gero. Ordurako musikari legez ez ezik ekoizle lanak ere bete zituen Columbia disko etxe sonatuarentzat. Garai berekoa du «I Stand Alone» bakarlari debuta ere. Baina 70ekoa izan zuen Kooperrek hamarkadarik oparoena. Hal Ashby-ren «The Landlord» filmeko musika zela-eta, Oscar sarietarako izendatu zuten, eta «Easy Does it» eta «Naked Songs» lan bikainak plazaratu zituen, baita bere lanik gustukoena ere, «Act Like Nothing´s Wrong». Hamarkada bukaeran, Atlanta-n Sound Of The South disko etxe propioa sortu eta Lynyrd Skynyrd ospetsuen lehenengo bi lanak ekoitzi zituen.

Izarren artean distiratsu

Rockak eman dituen doinu zirraragarri eta unerik gorenetan parte hartzeko pagotxa edo doaina izan du Kooperrek eta Dylanen «Like a Rolling Stone» kantuan teklak jotzeaz gainera, Rolling Stones taldearen «Let it bleed» diskoan ere jo zuen eta Dylanen «New Morning» ekoitzi. Aipatutakoak ez dira, inolaz ere, Kooperren lankidetza izan duten izar bakarrak. Ondo luzea da zerrenda: Johnny Van Zant, B. B. King, Green On Red, Nils Lofgren, The Who, Jimi Hendrix Experience, Moby Grape, Taj Mahal, George Harrison, Alice Cooper...

Donostian, Doezema-k (gitarra), Williams-ek (baxua), Teixeira-k (bateria), Lowery-k (saxoa) eta Stout-ek osatutako bandak lagunduko du maisua.

 
Fitxa

Peter Hammil: Gaur.

Al Kooper & The Funky Faculty: Astelehena 26.

Lekua: Gazteszena (Donostia).

Ordua: 20.30ean.

Sarrera: 10 euro (Peter Hammil), 15 euro (Al Kooper).

Peter Hammill ez da bakardadearen beldur

Al Kooperrena baino oparoagoa dugu Peter Hammillen jarduna gure oholtzetan. Rock progresiboa joz lortu zuen sona Van Der Graaf Generator taldean buru izandakoak, eta taldea berriro elkartuta iazko Jazzaldian jo zituen 60ko eta 70eko hamarkadetan sortutako kantuak. Aurtengo martxoan «Trisector» estudioko azken emaitza ere atera dute argitara.

Orain berau bakarka ikusteko parada izango dugu berriro. Ibilbide luzea eta eskarmentu handia du Peter Hammillek zuzenekoetan, eta Peter Gabriel, Robert Fripp eta Roger Eno artistekin lan egindakoa da, besteak beste. Musikari peto-petoa, telebista eta zinemarako musika ere ondu izan du eta 1991n «The Fall of the House of Usher» (Edgar Allan Poe-ren kontakizuna) izeneko opera plazaratu zuen.

1948an jaiotako artista britainiarrak pianoa eta gitarra jotzen ditu eta «Singularity» du bakarkako azken lana, 2006an argitaratua. Urte berekoa du Stuart Gordon-ekin plazaratu zuen «Veracious» zuzenekoa ere, biak Fie! Records bere disko etxearekin kaleratuak.

Donostiako Gasteszenan joko du gaur (20.30ean, 10 euro) eta Bilboko Euskalduna Jauregian igandean (20.30ean, 11 euro), Musiketan zikloaren barruan. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo