GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batasuneko kideen banku-kontuen blokeoa salatu du ABk eta elkarretaratzera deitu du

GARA |

Batasuna alderdiko hainbat kideren banku-kontuen blokeoa salatu du Abertzaleen Batasunak (AB), eta «azken hilabeteetan Estatu frantsesak hartutako bihurgune guztiz errepresiboaren barnean» kokatu du.

ABk elkarretaratzera deitu du datorren larunbaterako, 12.00etan Baionako auzitegiaren aurrean ``Errepresioa ez da bidea! Solutions politiques!'' lelopean, eta honakoa adierazi du idazki baten bitartez: «Kalaka ostatuaren kontrako neurriz kanpoko sarekadari, ELBko sei sindikalisten atxilotze eta kondenari, Batasuna alderdiko kideen, familiakoen, elkarteen eta beste lagun batzuen -orotara hogeita hamarren- banku-kontuak blokatzeraino heldu den uholde errepresibo eta indiskriminatuari, lehenbailehen `stop' esan behar diogu tinko».

ABren ustez, gainera, urrats berri hau «bereziki larria da Estatu espainolean epaile batzuek printzipio juridiko demokratikoa zangopilatzearen ildotik heldu baita. Zuzenki bakar batzuei eragiten dien arren, denok azaldu behar dugu kezka horrelako egoeren aurrean».

Egoera politikoa «gehiago okertu baizik ez du egiten» neurri berri horrek ABren hitzetan eta «aterabide duin eta politiko batetik urruntzen gaitu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo