GARA > Idatzia > Kultura

«Bota patsa!» antzeztuko dute Joseba Usabiagak eta Iker Galarzak Donostian

Martin ANSO | DONOSTIA

Joseba Usabiagak eta Iker Galarzak «Bota patsa!» umorezko lan arrakastatsua antzeztuko dute gaur, bihar eta etzi Donostiako Lugaritz kultur etxean. Emanaldi horiek aktoreek beraiek aurkeztu zituzten prentsaurrekoan, aldean Txalo-ko ekoizle Xabier Agirre zutela.

«Bota patsa!»ren protagonistak bi mutil dira, bistaz baino elkar ezagutzen ez dutenak. Behin batean, gimnasioan topo egin dute, ordea, desorduan. Bakar-bakarrik daude eta, nahitaez, elkarrekin hizketan hasi dira. Batek «artista» izan nahi du, eta gehienbat gorputza lirain mantentze aldera dago gimnasioan. Bestea, berriz, bere buruari egun jakin batetik aurrera gimnasioan hasteko beharra zorrotz ezarri dioten horietakoa da.

«Antzerkiaren barruko antzerkia da, oso modu apalean, baina. Izan ere, `Bota patsa'ren helburua 75 bat minutuz ondo pasaraztea baino ez da. Hala ere, tarteka, gogoeta txiki batzuk egiten ditugu, ikus-entzuleei zer pentsatua emateko esperantzan», adierazi zuten.

Xabier Agirrek nabarmendu zuen Galarzari eta Usabiagari darien komikotasuna, eta elkarrekin zein ederki moldatzen diren. «Faemino eta Cansado euskaldunak direla esango nuke nik», gehitu zuen txantxa moduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo