GARA > Idatzia > Kultura

«Garraxi ixilak», 36ko Gerraren inguruko oroimen historikoaren garra hauspotu nahian

Historia ofizialean azaltzen ez diren hainbat istorio etxeetako sukaldeetatik plazara atera nahi dituzte Lasarte-Oriako Landaberri Antzerki Eskolako kideek. «Garraxi ixilak» estreinatuko dute gaur, Andoainen.

p051_f02_148X104.jpg

Martin ANSO | LASARTE-ORIA

Landaberri Antzerki Eskolan 150 lagun baino gehiago ari dira, gehien-gehienak haurrak, baina helduen bi talde ere badira. Horietako bat da Joserra Fachadoren zuzendaritzapean «Garraxi ixilak» prestatu duena.

Talde horretako kideak, ia denak emakumezkoak, ez dira oholtza gainera iritsi berriak. Gehienek bost urte egin dituzte eskolan, eta bakarren batek eskolatik kanpo ere nahikoa eskarmentu du antzerkigintzan, betiere amateur gisa. Baina «Garraxi ixilak» seguru asko inoiz egin duten lan konprometituena da. Gaia ere halakoxea da: Gerrako kalamidadeak.

«Urtero, ikasturtean zehar obra bat landu eta, ekainean, Lasarte-Oriako Antzerki Astean, oholtzara eramaten dugu -adierazi du Mailu Arruti taldeko kideak-. Aurten, ikasturte hasieran, Joserra Fachadok gerrari buruzko lan bat proposatu zigun. Ordurako gutako batzuek ezagutzen genuen Andoaingo Oroituz taldeak eginiko lana eta, batez ere, Xabier Lasaren `Ahozko historia: oroimenean lokartutako ahotsa', testigantza askoren berri ematen duen liburua. Gure artean horren inguruan hitz egiten hasi eta konturatu ginen guztiok ezagutzen genituela antzeko istorioak, gure aiton-amonei gertatutakoak. Testigantza horiek abiapuntu hartuta, lan berri bat sor genezakeela pentsatu genuen».

Xabier Lasarekin harremanetan jarri eta, alde batetik, haren historiaren inguruko aholkularitzarekin eta, bestetik, Joserra Fachadoren zuzendaritzapean, hainbat koadro prestatu dituzte... trintxera, exodoa, irainak, fusilamenduak, ile mozketak, kartzela, gosea..., bi hitzetan, «Garraxi ixilak».

Zor bat kitatu

«36ko Gerra sufritu zuen belaunaldiarekin zor bat dugula uste dugu -esan dute taldekideek-. Hainbat urtez, beldurragatik, isilik, egon diren biktimak biktima direla aitortzea nahi dugu. Gertatutakoa isilean mantentze hori ahaztu nahi kontziente bat izan da. Biktimek ere ahaztu nahi izan dute, gogoratzeak min egiten dielako; borreroek, berriz, ez dute `lehengoaz' hitz egin nahi. Baina hura gertatu zelako gaude orain gauden moduan, eta berriz gerta ez dadin, ahalik eta zehatzen jakin beharko genuke zer gertatu zen. Letra larriz idatzitako historiaz gain, istorio txiki-handi asko daude, historia ofizialean agertzen ez diren drama ikaragarriak. Leku askotan, istorio horiek sukaldetik atera eta memoria berreskuratzen hasi dira. Guk ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu».

«Garraxi ixilak» egin dutenen kezka handienetako bat tratamenduarekin asmatzea izan da. «Gure erronka zerbait duina egitea izan da. Sentsazionalismoan erori gabe, denak negarrez utzi gabe, ikusleei zer pentsatu emango dien lan bat egitea izan dugu helburu», esan du Arrutik.

Estreinaldia gaur izango da, Andoaingo Bastero kulturgunean, bertako Oroituz taldeak antolatuta, gainera. Gero, ekainaren 6an taularatuko dute, urtero bezala, Lasarte-Oriako Antzerki Astean. Ekainaren 20an, berriz, Zarautzen.

Pena pixka bat ere ematen du ikasturte osoko lana bizpahiru emanalditan erretzeak, are gehiago, «Garraxi isilak»ek, gaia dela-eta, joko handia eman zezakeela kontuan izanik. «Egia esan, batera eta bestera ibiltzeko arazoak ditugu, amateurrak garelako eta bakoitzak bere zereginak dituelako, baina eskaeraren bat baldin badago, aztertuko dugu», esan du Arrutik.

Fitxa

Titulua: «Garraxi ixilak».

Taldea: Lasarte-Oriako Landaberri Antzerki Eskola.

Lekua: Bastero Kulturgunea, Andoain.

Eguna: Gaur.

Ordua: 20.00.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo