Ikasleen ahotsa abstentzioak adieraziko duela esan du IAk
Asteartean Leioako campusean gertatutako istiluen balorazioa egin dute Ikasle Abertzaleek, eta EHU jo dute erantzuletzat. Beraien iritziz, unibertsitateak jarrera antidemokratikoa izan du hiru urteotan, eta ikasleengan sortu duen egonezinaren eta haserrearen ondorio izan ziren liskarrak. Gaurko hauteskundeetan abstentzio aktiboaren alde egiteko eskatu diete gazteei, ikasleen ahotsa entzunarazteko eta «inposatzaileak eta biolentoak» dagokien lekuan uzteko.
Maider IANTZI |
Lehenik eta behin, IAko kideek astearteko gertakarien testuingurua azaldu zuten. Ikasle mugimenduak azken hiru urteotan ez soilik EHUn, baita Euskal Herriko gainerako unibertsitate guztietan ere egin duen borrokaz mintzatu ziren. Tarte horretan Bologna prozesuaren kontrako borrokan ari izan direla erran zuten, ikasleria informatzen, mobilizatzen eta beraien hitza entzunarazten. Ehunka mobilizazio izan dira; bi greba orokor arrakastatsu egin dituzte, eta gazteen %90ek baino gehiagok parte hartzea lortu dute; ehunka hitzaldi eta asanblada antolatu dituzte. Salatu zutenez, horren aurrean, ikasleen hitzari muzin egitea izan da EHUk eman duen erantzuna.
Gazteek azaldu zutenez, horren adierazle da «Arau hauste eta diziplina zigorren zerrenda» izeneko dokumentua, ikasle mugimenduaren ekintza «zigortzeko eta auzibidean jartzeko» idatzi zutena. Urtarrileko klaustroan, dokumentu hori onartzekoa zen bilera horretan, hainbat ikaslek egindako ekimena kolpatu zuten. Ondorioz, gazte ugari auzibidean jarri dituzte.
Asteartean, auzibidean jarritako ikasle horiei babesa emateko eta egoera salatzeko prentsaurrekoa eman zuten Leioan. Ekimen bat ere egin nahi zuten: Errektoretzara ehunka ikasle sartu eta Juan Ignacio Pérezi, zuzenean, mezu bat helaraztea zen asmoa. Baina, Ikasle Abertzaleek kritikatu zutenez, EHUren hiru urteotako jarrera agerian geratu zen berriz, Errektoretzako ateak kateatuta baitzeuden. «Horren ondorioz, ez ziren soilik kalte material batzuk gertatu, larriagoa izan zen», baloratu zuten. Zehaztu zutenez, gutxienez zazpi ikasle zauritu, eta bi ospitalera eraman zituzten. Gainera, lau ikasle atxilotu zituzten. Bat laster utzi zuten aske eta bertze hirurak atzo pasatu ziren epailearen aurretik. Atxilotu baten herrian, Sopelan, 35 lagunek elkarretaratzea egin zuten.
Gertatutakoaren erantzukizun osoa EHUrena dela baieztatu zuten Ikasle Abertzaleek. Beraien iritziko, unibertsitatearen jarrerak ikasleengan sortu duen egonezin eta haserrearen ondorio dira astearteko gertakariak.
Juan Ignacio Pérez errektorearen adierazpenei erantzunez, hauxe erran zuten gazteek: «Ados gaude, guztiz ados gaude. Baina hiru urte hauetan indarkeriaren eta inposizioaren adibiderik garbiena Errektoretza taldea izan da». Horregatik, «unibertsitatea kritikaren eta askatasunaren egoitza baldin bada, lekurik ez daukan lehenengoa errektorea da, Juan Ignacio Pérez. Eta berarekin batera, unibertsitatean dauden segurtasun eta polizia indarrak», jarraitu zuten.
IAko lagunak ikasleak mehatxatzen dabiltzala ere adierazi du Pérezek eta, horren harira, oroitarazi zuten hogei urte daramatela beraien eskubideen alde borrokan. «Geu gaude ikasleekin, eta ikasleek argi eta garbi dakite zein den mehatxatzen dituena, mahai gainean inposizioa jartzen duena, eta zein den beraien ahotsa entzuten duena. Badakite», ziurtatu zuten.
«Demokraziaren iruzurraren» bertze atal bat dira hauteskunde hauek Segiren iritziz. Hortaz, ez bozkatzeko eta euskaldunen eta Euskal Herriaren aldeko unibertsitate bat lortzeko borrokatzeko eskatu die gazteei.
Onintza Lasa EAko kideak EHUko «Errektoretzaren kontrako erasoa» gaitzetsi du. Haren ustez, indarkeriak ez du lekurik unibertsitatean, hori ez da desadostasuna adierazteko modua.