Keenan, gezurra agerian uzten duen lekukoa
Ez gatazkak, ez horiei emandako konponbideak ezin dira toki batetik besteetara zuzenean esportatu. Halere, bai gatazkaren oinarrian bai haren konponbidearen atzean dauden elementu ugari bat etorri ohi dira batean eta besteetan. Arrazoi zitalengatik egia horiek onartzen ez dituzten berberek bi premisa horiek nahastu eta gatazka jakinen izaerari buruzko gezurra zabaltzeko ohitura dute. Gaur egun horixe gertatzen da, hain zuzen, Irlandako eta Euskal Herriko gatazkak konparatzen dituzten «adituekin».
Atzo Brian Keenan IRAko komandante ohia hil zen, eta hil aurretik eman zuen elkarrizketaren zatiak argitaratu ditu gaur GARAk. Hemen bizi izandako prozesuaren porrota azaltzeko Irlandara jotzen duten horiek, IRA eta ETA, Batasuna eta Sinn Fein ezagutza eta irizpide argirik gabe konparatzen dituzten horiek, irakurri beharko luketen testigantza da Keenanena.
Izan ere, Brian Keenanen testigantzak Irlandako prozesuari buruz eta bake-akordioak ekarri zituen testuinguruari buruz argibide nahiko ematen ditu, espainiar komunikabide gehienak egunotan zabaltzen ari diren gezur borobilak ezeztatzen dituzten argibideak, hain zuzen. Areago, ikuspegi zabalago batetik, Keenanek iraultzari, borrokari edota justiziari buruz esaten dituenak politikan interesa duen edonork irakurtzeko modukoak dira. Goian bego.