GARA > Idatzia > Ikusmira

San Gil eta PPren liskar ideologiko eta pertsonalak

María San Gil EAEko PPko presidenteak berriro bereganatu zuen arreta, atzo, bere alderdiko presidente Mariano Rajoyrekin bildu ostean. San Gilek ez du bere burua berriz aurkeztuko orain duen kargurako hautagaitzat eta, areago, Gasteizko Legebiltzarreko PPren taldea utziko du. PPk ekainean Valentzian egingo duen biltzarrerako txosten politikoa utzi, eta Rajoyrekiko konfiantzarik eza argudiatu zuen gero erabaki hura azaltzeko. Berandu gabe, Jaime Mayor Oreja agertu zen, San Gilen erabakia eskuin muturreko alderdian mugimendurik txikiena izatearen kontrako sektorearen erabakia zela argiago utzita. Eta berriki, José María Aznar bera ere agertu da PPko buruzagi donostiarraren alde. Ez da harritzekoa, botere liskar horretan alderdia Aznarren eta Mayor Orejaren jarreratik ez aldentzeko ahalegina izan baitzen txosten politikoa uzteko erabakia. EAEko PPren biltzarra uztailera aurreratzea lortu ondoren, ezustea izan da agian María San Gilen azken erabakia, baina botere liskar horren erakusgarri bat ere bai, eskuin muturraren barnean aldaketarik txikienaren aurrean dauden erresistentzia ideologikoak, baita pertsonalak ere, disimulurik gabe agertuz doazen honetan. Horien beldurra, ordea, ez da alderdia zentrora lerratzeko «arriskua», PPk Aznarren alderdia, nola ideietan hala pertsonetan, izaten ez segitzea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo