GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSNk «UPNren benetako alternatiba» izan behar duela nabarmendu du Acedok

Amanda Acedo PSNko talde eraberritzaileko kideak bere burua Idazkari Nagusi izateko aurkeztuko duela iragarri zuen atzo. PSNk Nafarroan «UPNren benetako alternatiba» izan behar duela aldarrikatu zuen.

p024_f01_100x110.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Azken asteotako ika-mika eta zurrumurruen ostean, azkenean Amanda Acedo PSNko parlamentariak ekainean egingo den alderdiko biltzarrean Idazkari Nagusi izateko hautagai aurkeztuko dela iragarri zuen atzo. Horrenbestez, Roberto Jiménez hautagai ofizialak aurkari izango du Acedo. «Integrazioaren bidean gehiengoaren hautagaia» izan nahi duela azaldu, eta «nafar gizartearen konfiantza lortu ahal izateko PSNk UPNren eta CDNren Gobernuaren aurrean benetako alternatiba» izan behar duela aldarrikatu zuen.

«Ni ez naiz arerioa kaleratzeko oposizioa egitearen aldekoa, leialtasun instituzionaletik abiatuta, PSNren eta UPNren proiektuak bereizten dituen oposizioa egitearen aldekoa baizik. Dena dela, horrek ez du esan nahi Nafarroaren interes orokorra lortzearren UPNrekin akordioetara irits ez gaitezkeenik», azaldu zuen.

Hala, PSNk «gazteengandik eta sektore aurrerakoiengandik hurbil» egon behar duela gaineratu zuen, era horretan «jendarteari ateak zabaltzeko». «PSNren egoitzako ateak eta leihoak ireki behar ditugu; leihoak, partiduaren egitura eta arduradunak eraberritzeko eta ateak, jendartea sar dadin, militantzia areagotu eta Nafarren ezinegonei aterabidea eman ahal izateko», adierazi zuen Acedok.

Bestalde, PSNko parlamentariak argi utzi nahi izan zuen bera ez dela «barne liskarren aldekoa», «gehiengoaren hautagaia» baizik. «Gu ekaineko biltzarrerako zerrenda bateratua aurkeztearen aldekoak ginen, hori izango bailitzateke egokiena, baina ezin izan dugu lortu eta hori dela-eta beste zerrenda bat aurkeztea erabaki dugu».

Alde horretatik, oroitarazi zuen berak inoiz ez duela alderdiko «barne liskarretan» parte hartu, eta «azken 12 urteotan izan diren gatazkak alde batera utzi» eta «aurrera begiratzeko garaia» dela nabarmendu zuen.

Dokumentu berria

Horrez gain, alderdiaren biltzarrean bere taldeak dokumentu berri bat aurkeztuko duela jakinarazi zuen. «Nafarroarentzat sozialismo berri baten alde», du izena eta hurrengo asteetan hainbat herritar talderi eta alderdiko lekuko batzarri haren berri emango dietela iragarri zuen. Gainera, ekaineko biltzarrei begira, datozen asteotan Acedo tokian tokiko batzarrekin bilduko da bere proiektuaren berri emateko.

Alde horretatik, Iruñeko batzarrean jasotako emaitza kaskarren gainetik biltzarrean garaipena lortzeko «baikor» agertu zen, eta 2004an Chivite Idazkari Nagusi bilakatu zenean Iruñean emaitza txarrak lortu zituela gogorarazi zuen.

LEialtasuna

Acedok argi utzi zuen PSNren oposizioak «leialtasun instituzionala» izan behar duela oinarri, eta ez zuen baztertu Nafarroaren «interes orokorrengatik» UPNrekin akordiotara iristeko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo