IRA-ko buruzagi historiko baten heriotza
«Justizia ezak eragindako haserreak eraman ninduen IRAra»
GARA | BELFAST
IRAko militante egin eta gutxira, Brian Keenanek ihesera jo behar izan zuen, eta hurrengo 25 urteak Chrissie emaztearengandik eta seme-alabengandik urrun eman zituen. Ingalaterrako hainbat espetxetako Segurtasun Bereziko Unitateetan preso izan zen 16 urtez. Apirilean, Le Cheile ekitaldian omendutakoen artean izan zen. Omenaldia jaso aurretik, lehenbiziko aldiz hitz egin zuen jendaurrean bere bizitzari buruz.
Belfasteko New Lodge Road kalean jaio zen 1941ean, sei haurreko sendi batean. Aitak Britaina Handiko Aireko Errege Armadara batu zen, eta Ingalaterrako Packlington aerodromoko basean eman zuen guda osoa. Patuaren bihurrikeria baten gisara, base hori zegoen lursailean Full Sutton espetxea eraiki zuten. Bertan egon zen preso.
Hazten joan ahala, Belfasteko katolikoentzat sektarismoa eguneroko ogia zela ikasi zuen. «Sektarismoa bizitzeko modu bat zen. Egoerak Belfasten ibiltzea galarazten ez bazuen ere, beti erne egon behar zenuen. Zeure burua borroka batean nahastuta ikus zenezakeen, auzoko kale seguruetatik urrunegi joanez gero», aitortu zuen. Sektarismoa, baina, ez zen Belfasteko kaleetara mugatzen. Lehen lana aurkitu zuen lekuan ere nabaria zen; bertan, «bigarren mailako herritarra» izatea zer den bizi izan zuen.
«Lanean hasi nintzenean ohartu nintzen, bete-betean, bigarren mailako herritar bezala hartzen nindutela. Ingeniari ikastuna nintzen. Ingeniaritza protestanteen esparrua zen. Lehen egunetik bertatik, bigarren mailako herritar gisa sentiarazi ninduten. Garai horretan, burua makurtzea besterik ez zenuen. Zorionekoa zinen lana izateagatik, eta lanean jarraitzea izaten zen guztion nahia».
Ingalaterrara joan zen 1958an, jazarpen sektariotik ihes egiteko asmoz. Sindikalismoan gero eta gehiago sartuz joan zen eta, 17 urte besterik ez zituela, lehen sindikatu batzarrean parte hartu zuen langile ordezkari gisa. Lutoneko lantegian eta ETU sindikatuan zela, klase kontzientzia suspertu zen berarengan; handik aurrera, politika «klase ikuspegitik» aztertzen hasi zen. Ingalaterran zela, 1960. urtean, Chrissie neska-lagunarekin ezkondu zen. Gero, 1963an, Belfastera itzuli zen. «Oso gazterik, sindikalismoan izandako interesak baldintzatu du nire ikuspegi politikoa». «Nire iritziko, mugimendu errepublikarraren ideologiak erro sozial eta ekonomiko argiak behar ditu. Aurkaria kapitalismoa eta ustiapen sistema bera ziren. Niretzat, arazo nazionala klase arazoa izan da beti. Errepublikar gehienek gatazka honako ikuspegitik azaldu ohi dute: britainiar indarrak Irlandako iparraldea okupatzen ari dira. Nik ere irakurketa hori egiten dut, baina analisi sozialista bat egitea ere beharrezkoa dela uste dut», adierazi zuen.
«1960ko hamarkadan, langile klasekoak ziren herritarrentzat zaila zen orduko IRArekin identifikatzea. Errepublikar gehienek ez zuten ulertzen ez langileria, ez horri lotutako politika. Ezin nuen ulertu errepublikarrek sindikatu gabeko lana onartzea, edo sindikatuek ezarritako ordainsariak baino gutxiago ordaintzen zuten enpresak zituztenekin elkarlanean aritzea».
1960ko hamarkadaren amaieran, Eskubide Zibilen mugimenduak izandako hazkunde izugarriak, Sei Konderrietan «zerbait handia» gertatzen ari zela azaleratzeko balio izan zuen. «IRAk, politika errepublikarrak edota ideologia errepublikarrak ez zuen nire belaunaldia Estatuarekiko borroka bortitza egitera bultzatu. Gakoa Eskubide Zibilen mugimendua izan zen». Bertan parte handia izan zuen.
«1968an egin nintzen IRAko militante. Justiza ezak eragindako haserreak eta frustrazioak eraman ninduen IRAra. Handik oso denbora gutxira, ihes egin beharrean ikusi nintzen. Une horretatik aurrera, familia bizitza amaitu zen niretzat. 1995ean itzuli nintzen. IRAn jarri nuen arreta osoa, egoera kaskarrean zegoen. Armatutako gizonez osatutako erakundea zen. Indarberritu egin behar genuen».
«Errepresio britainiarrak berak sortu zuen IRAri borroka armatua indartzea ahalbidetuko zion egoera. Hamarkadetako diskriminazioa eta justiziarik eza izan ziren matxinadaren iturburua», helarazi zuen.
Aurrerapauso politikoak ematea ahalbidetzen zuen alternatiba edo hautabide gauzagarria mahai gainean izan zen arte, IRAk munduko naziorik indartsuenetako baten aurkako gerrilla kanpaina nola eraman zuen aurrera azaldu zuen Keenanek. «Lehen lerroko egoera militarra oso azkar aldatzen ari zen 1969. eta 1972. urteen artean. IRAren aurkako erasoaldi militarrean urrats bat aurrerago joan ziren britainiarrak, etxeratze aginduak eta etxe miaketa orokorrak ezarriz. Indar britainiarrek IRAren eskuetan zeuden eremuak okupatzeko egin zituzten ahaleginen ondorioz, IRAren eta Estatuko indarren arteko tiroketak ohikoak ziren».
«Armada Britainiarra borrokatzeko eta behe mailatik gorako egiturei aurre egiteko, antolakuntza eta trebakuntza hobetzera behartuta ginen. Baliorik gabeko jende mordo bat erakundetik kanpo utzi, eta IRA une oro gerrarako prest izateko moduan jarri genuen».
«(...) Merkataritza guneen aurkako erasoak bi eragin nagusi zituen: errepresio maila oso altua zenean, indar britainiarrak eremu nazionalistetatik irtetera behartu genituen, eta Londreseko erasoetan, negozio garrantzitsuak, erakunde finantzarioak, kolpatu genituen. Bonbek kaltetutakoen bidez Gobernu britainiarra Irlandatik ateratzeko presionatzea zen helburua».
«Sei Konderrietan gero eta indar britaniar gehiago bildu zen, bereziki, 1970eko amaieran. Ondorioz, gero eta zailagoa zitzaigun bertan ekintzak egitea. Ingalaterra, aldiz, eremu irekia zen. Garai horretan, IRAk lehentasun osoa zuen. Gerra bat borrokatzen ari ginen heinean ulergarritzat jo badezaket ere, akatsa zen alderdi politikoa indartzeari garrantzirik ez ematea. Militante garrantzitsu askok susmoz hartzen zuen politika. Ikuspegi hori aldatzea oso zaila izan zen». Behin kartzelan, presoen bozeramailea izan zen urte askotan eta «Sinn Féin alderdi gisa eraikitzeko ahalegina interes handiarekin jarraitu nuen».
«Bake prozesuaren eta beste estrategia aldaketa ikaragarri batzuen ondoren, egun non gauden ikusita, IRA gerran jarraitzeari hautabideak bilatzera derrigortuta zegoen moralki, bereziki, hautabide bideragarri bat izanez gero. Hartutako bidea babesten nuen neurri berean, eszeptikoa ere banintzen».
«Iraultzaileak pragmatikoak izan behar dira, desio zerrendak Gabonetarako dira. Iraultza ez da arma kontua, helburu kontua baizik. Aldaketa handiko une honetan, ikuspegi errepublikarra etengabe eguneratzeko beharra dugu. Jendeari behin eta berriro gogoratu behar diogu gure helburuak `berdintasuna, askatasuna eta anaitasuna' direla. Noski, bidean akatsak egin ditugu, baina Irlanda bat egitera eta independentziara eramateko ditugun aukerei begiratu behar diegu, gure borroka bide horretan jartzeko».