Euskaltzaindiak «Euskera» berriztatu eta urtero hiru zenbaki kaleratuko ditu
GARA | BILBO
Euskaltzaindiak jakitera eman duenez, bere agerkari ofizialaren,«Euskera»ren, hiru zenbaki argitaratuko ditu urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa bilduko dituzte.
Bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasoko ditu. Ikerketa-artikuluek 30.000 eta 60.000 karaktere bitarteko luzera izango dute, eta aipamenak, aldiz, hiru orrialdetakoak (6.000 karaktere) edo 5 orrialdetakoak (10.000 karaktere) izango dira.
Euskalgintzaren mundua
Horiek horrela, euskaltzainek eta Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan parte hartzen dutenek ez ezik, euskalgintzaren munduan di- hardutenek ere «Euskera»n argitaratu ahal izango dituzte beren lanak.
Agerkariaren etapa berri honen lehen zenbakia «Leturiaren egunkari ezkutua» eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara aurkeztu berri dute, eta Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» omendu nahi izan dute horrela.
Hauek dira, zehazki, «Euskera» agerkarian jorra daitezkeen zenbait gai: Euskal Filologia, Hizkuntzalaritza Oro- korra, Gramatika, Dialektologia, Lexikografia eta Lexikologia, Literatura, Toponimia eta Onomastika, Fonetika eta Fonologia, Semantika eta Pragmatika, Hizkuntzaren Historia, Hizkuntzaren Normatibizazioa, Hizkuntzaren Normalizazioa, Soziolinguistika, Teknologia berriak eta Hizkuntza, Jurilinguistika eta Hizkuntza-zuzenbidea, Itzulpengintza, Zientzia-arlo desberdinetako euskara teknikoak.
Orobat, aintzat hartuko dira beste hainbat esparrutako diziplinak, betiere euskararekin zerikusia dutenak.
«Euskera» agerkaria 1919. urtetik kaleratzen du Euskaltzaindiak; bi etenaldi izan ditu: 1938tik 1952ra eta 1954tik 1955ra.