GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nazio Plaza egingo dute Iruñean aldaketa politikoaren aldeko indarrak biltzeko

M. I. |

Euskal Herria nazio gisa gorpuzteko eta marko politiko berri bati edukia jartzeko bidean, bertze urrats bat eman nahi du Nazio Eztabaida Guneak. Horretarako, Nazio Plaza egingo du Iruñean heldu den ekainaren 7an.

Ikuspegi ezberdineko abertzaleak eta herri mugimenduetan lanean ari diren eragile eta herritarrak biltzea dute helburu; Iruñea, «Euskal Herriko hiriburua», aldaketa politikoaren topaleku bilakatzea. Eta hori lortzeko, ekimenetan parte hartzera animatzen dituzte herritar guztiak. Euskal Herriaren eskubideen eta burujabetzaren alde indarrak bildu nahi dituzte; abertzaleen eta herrigintzan dabiltzanen arteko lankidetza eta auzolana irudikatu; nazioa garela aldarrikatu; Euskal Herria egituratzeko eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea babestu.

Hainbat ekintza egingo dituzte. Goizean, adibidez, foroak izango dira: batean lurralde egituraketa praktikan gauzatu eta nazioaren iraupenean eta garapenean urratsak emateko auzolan dinamiken garrantzia nabarmenduko dute; bertzean, Euskal Unibertsitatearen egoera eta ematera doazen urratsak jakinaraziko dituzte: proiektuak behar duen onarpen legala, sortu beharreko fundazioa, behar den azpiegitura eta atal akademikoa. Arratsaldean, berriz, Martxa Nazionala egingo dute «Nazioa gara, zazpiak bat, burujabetzaren alde!» leloarekin.

Egoera politikoaren irakurketa

Nazio Plazaren berri emateaz gain, atzoko prentsaurrekoan egoera politikoaren azterketa ere egin zuten Nazio Eztabaida Guneko Maite Aristegik eta Mikel Irastortzak. Azaldu zutenez, aldaketa politikoaren norabidea dago jokoan eta konponbide demokratikoa lortzeko eta Euskal Herria nazio burujabe izateko oinarriak mahai gainean daude: Euskal Herriaren aitortza, erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna eta eskubide kolektibo eta indibidualak. Gizartearen gehiengoak oinarri horien gaineko aldaketa politikoa bere egiten duela baieztatu zuten.

Erantzukizunez eta ausardiaz jokatzeko garaia dela gaineratu zuten. «Azken urteetan eman diren urratsak abiapuntu dira, eta urrats berrietarako sasoia da», erran zuten. Guztiok, eragile politiko, sindikal eta sozialek, baita herritarrek ere, bakoitzak dagokigun esparrutik, marko politiko berri bat lortzeko lan egin behar dugula azaldu zuten. Gako nagusia nazio gisa emandako urrats zehatzak direla uste dute, argi ikusten baitute estatuek ez dutela norabide hori hartzeko borondaterik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo