«Made in Euskal Herria», Esne Beltza taldearen lehenengo diskoa
Soinu, erritmo eta hizkuntzen arteko nahasketa uztartzen ditu Esne Beltza talde berriaren estreinako diskoak, «Made in Euskal Herria». Etzakit-en hasi eta Fermin Muguruzaren ondoan pilatutako eragin eta adiskideak bildu ditu Xabier Solanok proiektu berritzaile honetan.
I.A. | DONOSTIA
Gaztelupeko Hotsak-etik aipatu bezala, «saihestezina» dirudi Esne Beltzaren abiapuntua Jamaikan kokatzea, eta Fermin Muguruzaren «Euskal Herria Jamaika Clash» diskoa (2006) grabatzeko Xabier Solanok (ahotsa eta soinu txikia), Jon Elizaldek (tronboia) eta Xabi Peryk (ekoizlea) Bob Marleyren Tuff Gong estudio mitikora egin zuten bidaiarekin lotzea. Kingston hiriburuan reggae musikari eta ekoiz- le esanguratsuenetako batzuekin lan egiteko beta izan zuten; BECen emandako kontzertu indartsua etorri zen gero, eta haren ondotik Afro-Basque Fire Brigade taldearekin munduari emandako bira.
Bada, elkarrekin eskainitako kontzertuetan, Japoniatik Bartzelonara, Mexikotik Irlandara, Bilbotik Habanara egindako bidaietan eta hoteletako logeletan izandako solasaldietan mamituz joan zen Esne Beltza, Xabier Solano buru duen eta Etzakit, The Solanos, Joxe Ripiau, Izotz, Selektah Kolektiboa eta Su Ta Gar taldeetan aritutako zortzi musikarik osatutako banda.
«Musika beltza, zuriek egina»
Lehenbiziko disko honetan, soinu, erritmo eta hizkuntzen arteko nahasketa dakar Esne Beltzak. «Estilo zehatzik ez dugu; estilo ezberdinak daude hemen», argitu dute gazteek. «Zuriek egindako musika beltza da (soul, ska, reggae), baina bien uztartzetik grisa izan ezik beste hamaika kolore duen musika sortzen da». Finean, taldekideek hauxe diote: «Gauza zaharrekin berriak egiteko helburua dugu, eta kontzertuetan festa giroa sortzeko taldea da hau».
Hain zuzen ere, erreferentziak argiak dira, Mano Negra, Toots &The Maytals, Joxe Ripiau, Fabulosos Cadillacs, Bob Marley, Negu Gorriak, Asian Dub Foundation edota Etzakit eskutik hartuta agertzen dira armonia ederrean, kantetan reggae sustraidunetik patchanka-ra jauzi eginez, drum&bass bortitzetik soul elektroniko garaikidera, raï musikatik fandangora, pop latinotik raggamuffinera edota funk-jazzetik ska dantzarazlera.
Hamabost kanta bildu dituzte orotara «Made in Euskal Herria» diskoan -baita making off-a ere-. Hitzak, Solanoren proiektu orotan bezala, Jon Garmendia «Txuria»k idatzi ditu, «maitasunaren, nortasunaren eta askatasunaren aldeko aldarriak lau haizetara zabalduz». Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak bina kantetako letra sortu dituzte.
Kolaboratzaile anitzez atonduta kaleratu da, gainera, lana. Solanorekin Muguruzaren taldean aritutakoez gain (Sorkun, Stephane Wallace eta Daniel Ray jamaikarrak, Leo kubatarra, Oskar Benas, Muguruza bera...), Yacine Belahcene aljeriarra, Favio italiarra, Sergio González mexikarra, Kyou Sakurai japoniarra eta Euskal Herriko Moro (Bad Sound System), Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi...), Txus Aranburu (Tapia eta Leturia), Kristina Solano (M-en Ezten)...