Aitziber Sarasola Jaka Nafarroako AEK-ko arduraduna
Euskaltegion lanari aitortza emateko garaia da
Behingoz, lanari eutsi beharko genioke, eta nafar guztiontzat euskaltegietako ateek zabalik jarrai dezaten behar den baldintzetan elkar ulertu eta lan egitera behartuta gaude
Hizkuntza normalizazioan ikaragarrizko garrantzia du euskara jakiteak, nekez errespetatu baitaiteke hiztunen euskaraz aritzeko eskubidea ondokoak ez badaki. Eta euskara ikasteko bide nagusiak hiru dira: familian egiten den transmisio zuzena eta irakaskuntzako biak; eskolan egiten dena, haurtzaroan, eta euskaltegien bidezkoa, berriz, helduekin. Etxean %9k ikasten du alde-aldea, eskolan D ereduan ikasten dutenen ehunekoa 33 ingurukoa da, hortaz, euskara haurtzaroan ikasi ez dutenen kopurua oso handia da. Lan hori, 16 urtetik gorakoak euskalduntzea, helduen euskalduntze alfabetatze mugimenduari dagokio.
Herri mugimenduetatik sortutako euskaltegiok Nafarroa luze-zabalean barreiaturik ditugu egoitzak. Egun edozein nafar helduk euskaraz ikasi nahi badu kasu askotan geure euskaltegietara jotzea da izan dezakeen aukera bakarra, izan ere, eskaintza publikoa Iruñerrian eta Tuteran dago eta guztiz askieza da egun dagoen eskaerari erantzuteko. Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuak euskaltegiekin izan duen harremana eta diru-laguntza politika azaltzeko 1988ko dekretua oinarri hartuta garatzen da urtean urtekoa. Nafarroako Parlamentuak urtero berraztertzen du euskaltegientzako diru partida, eta kalera atera behar izan dugu sarri lehendik eskasa zen diru partida horretan jaitsiera handiak jasan ditugula-eta .
1986ko Euskararen Legean eta Foru Hobekuntzan oinarri harturik, «Nafar guztien eskubidea da euskara ezagutu eta erabiltzea», baina orain arteko Nafar Gobernu guztiek eskubide horiek bermatzeari muzin egin eta kontrako politika eta arauak garatu dituzte, euskaldunak gogaitu, nahigabetu eta askotan desagerrarazteko modu iraunkorrean. Jarrera hori bera izan dute euskaltegiekiko ere. Aitorpen ofizialik ez izatetik hasita, diru-laguntza politika guztiz eskasa izan da eta inolako arretarik jarri ez eta euskaltegien kontra aritu dira sarri gainera; horixe da orain arte ezagutu dugun politika.
Maiatzeko hauteskundeen ostean, UPN eta CDNk osatutako Gobernuak, PSNren laguntzarekin, ENAI edo Euskarabidearen sorrera ekarri du. Kontseilariarekin elkartzeko parada izan dugu , bai eta ENAI-Euskarabidearekin ere. Haiek jarrera aldatu nahi izan zutela adierazi ziguten behin eta berriz. Guri zegokigun diru partidak 2007tik 2008ra 10.000 euroko igoera izanen zuela... Geuk geure aldetik azaldu diegu elkarrizketa ezartzea beharrezkoa dela batetik, eta bestetik finantziazioaz mintzatu beharra dugula. Hitz on ugari izan genituen hasieran. Ondoren geure deialdiekin arazoak izan dira, berandutzeak eta halakoak. Muinean berriz, aldaketak izan ditu gure deialdi malapartatu honek. Berriz ere diru-laguntzak murriztu dizkigute, hasierako partida eskasetik 20.000 euro gutxiago jasoko ditugula azaldu digute azkenean, eta horretarako ia-ia onespena eskatu gainera!
Euskara «euskaltegi pribatuetan» ikasten dutenei bekak ematea ebatzi dute. Behingoz gainera, euskara ikasteko modu ezberdinen hautua egin dutenei bekak eskainiko dizkiete. Horraino ongi, hortik aurrera arazoak. Batetik, 20.000 euro jarri dituzte horretarako (Sakanako Mankomunitateak ikasleentzat eskaintzen duen partida bera, kasu). Hori gutxi balitz, inolako irizpiderik gabe, berdin da zein eremu soziolinguistikotakoa izan, zure herrian bekak eskaintzen diren edo ez, dedikazioa... Baina hori ez da makurrena. Nondik atera dira, ENAI-Euskarabideak hain diru gutxi izanda, euro horiek? Euskaltegion partidatik. Hori bai, beken emalea ez da euskaltegia izanen, Nafar Gobernua baizik. Gure diru-laguntza eskas eta gero eta zartatuagoak, berriz urratuak euskaltegion lepotik Nafar Gobernuak euskararen frontoian tanto bat atera nahi duelako.
Azaldu diegun moduan, egoera konpondu beharra dago. Nola da posible XXI. mendean oraindik ere euskaltegiak horrela ibili behar izatea? Erraztasunak behar luketenak behin eta berriz oztopo, eta inolako aurrerapausorik emateko zantzurik gabe? Egoera aldatu beharra dago. Behingoz, lanari eutsi behar diogu eta nafar guztiontzat euskaltegietako ateek zabalik jarrai dezaten beharrezko diren baldintzetan elkar ulertu eta lan egitera behartuta gaude.
Garaiz gaude, has gaitezen bada lanean.