GARA > Idatzia > Atletismoa

Zegama-Aizkorri VII. Mendi Maratoia

Mendi maratoien Europako txapelketa zerura begira dago

Iazko irabazle Kilian Jornet eta Corinne Favre parte hartzaileen zerrendan daude. Ibilbide zaila izango dute, guztira, 5.472 metroko desnibelaz

p045_f02_97x76.jpg

GARA | ZEGAMA

Zegama-Aizkorri VII. Mendi Maratoia bihar jokatzekotan dira. Horrenbestez, dena prest dago Europako txapelketarako, aurreko urteetan legez, goi mailako ikuskizuna izan dadin. 400 parte hartzaile aterako dira aurten ere Zegamako plazatik, tartean iazko irabazle Kilian Jornet eta Corinne Favre.

Hala ere, biharko benetako protagonista azalduko den ala ez ikusteko dago: euria. Iganderako eguraldi txarra iragarri dute, eta betez gero, lasterketaren itxura asko alda liteke. Alde batetik, iaz Aizkorriko maldetan eta Zegaman bilduriko jendetza batzea nekez errepikatuko litzateke eguraldi txarra egingo balu. Bestetik, lasterketak berak ikusgarritasunean irabaz lezake, baina gogortasunean ere bai.

Dena den, proba gipuzkoarrak ez du eguraldi txarrik merezi. Iazko ekitaldian Marino Giacomettik GARAri esandakoa oroituz, «ikusgarria da benetan, bai Zegamako ibilbidea, bai antolakuntza, baina, batez ere, herritarren lanak eta zaleen animoek egiten dute froga hau goi mailakoa izatea». Eguraldi txarrak nolabait lausotu egin dezake zaleek eragiten dioten dirdira.

Ohiko ibilbidea

Lasterketari berari dagokionez, ez da aldaketarik espero. Urtero bezala, herriko elizako kanpaiak goizeko bederatziak jotzen dituenean abiatuko da mendi maratoia. Parte hartzaileek herriari buelta emango diote lehendabizi, eta horren ostean etorriko dira benetako zailtasunak.

Lasterketa bera erdi mailako mendietan izango da, Aratz eta Aizkorriko mendilerrotik zehar, EAEko tontorrik garaienak igaroz: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Zegama herritik -296 metro itsasotik- Otzaurteko gainera helduko dira korrikalariak lehenengo, eta mendate horretatik aurrera, ingurune zoragarri bezain gogorrean barrena ibiliko dira.

Behin Aratzera iristen direnean «Santu Espirituraino» jaitsiera izango dute parte hartzaileek: han probaren erdia osatuko dute eta, bide batez, ikaragarrizko jendetza aurkituko dute zain.

Ibilbide teknikoa eta zailtasun handikoa dute aurretik oraindik. Iaz, «Santu Espiritutik» Aizkorri eta Aitxurira bideko igoeran erabaki zuen lasterketa Kilian Jornetek. Gero, behin Aitxuritik behera, Andraitzeko azken malda gogorrak igo beharko dituzte, eta handik behera, indarrik duenarentzat badago aurrekoak harrapatzeko astia, iaz Corinne Favrek Angela Mudge gainditu zuen moduan.

Guztira, 5.472 metroko desnibela gainditu beharko dute eta zortzi ordu dituzte, gehienez. Antolatzaileek 14 kontrolgune jarriko dituzte, baita jan-edanerako beste 13 postu ere.

Ikuskizun bikaina izan da aurreko ekitaldietan. Hori bai, zerura begiratu behar...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo