AMPO, mondragón taldea utzi duen lehenengo kooperatiba
"Gure ereduak MCCrekin elkarlanean talkak sortzen zituen"
ELKARRIZKETA
Jon AGIRRE | AMPO Kooperatibako Zuzendaritza Kontseiluko Presidentea
GARAk joan den larunbatean aurreratu zuen moduan, Ampo kooperatibako batzarrak Mondragón Korporaziotik irtetea erabaki du. Bazkideen %85en botoak erabaki horren aldekoak izan ziren Azkoitian egindako batzar horretan. Jon Agirre Zuzendaritza Kontseiluko presidenteak azaldu duenez, Ampok -Irizar eta Urolarekin batera- duen antolaketa eredu espezifikoa garatzeko eta sakontzeko asmoa da Korporazioa uzteko arrazoi nagusia.
Nola joan da Mondragón uztea erabaki duen batzarra?
Abenduan egin genuen batzarrean dagoeneko aipatu zen, gure eredua zela-eta, korporaziorekiko harremana zailtzen ari zela, eta urtarriletik joan gara hilero azalduz zer berri zegoen. Azkeneko hamabost egunotan jardun izan gara arrazoi guztiak sakontzen, taldeka-taldeka. Eta gaurkoa izan da azken asteko berriak azaltzeko.
Zer-nolako iritziak entzun dituzue?
Ekarpen bat izan da esanez, MCCren sorrera izan zela bere garaian aldaketa soziokultural bat, iraultza bat izan zena. Kapitalismoaren munduaren aurrean Euskal Herritik indar bat sortu zela, oinarrizko kolektibotik atera zena. Eta gaur egun agian beste bultzakada bat behar dela kooperatibagintzan. Ikusten da gogoak baditugula, baldintzetan ere bagaudela, eta gauzak hobetu egin ditzakegula. Horrek ez du esan nahi gauzak gaizki egiten ari direnik; baina, behintzat, gure ereduan oinarrituta, agian lortu ditzakegu beste abiadura batean egitea eta, horren ondorioz, lanpostuak sortzea, kooperatiba berriak sortzea, berrikuntzari beste aurrerakada bat ematea...
Antolaketa eredua izan da, beraz, Mondragón korporazioa uzteko arrazoia?
Arrazoi nagusia hori da. Ziurtasun osoz esango dizut ez dagoela bigarren edo hirugarren arrazoirik. Eredua da, izan ere, eredu horrek garamatza elkarlanean jardutean, zenbaitetan talka egitea. Besterik gabe. Guk edozein gai aztertzeko kontsulta zabala egiten dugu, eta beste eredu tradizionalagoak jende gutxiagoren artean erabakitzera eramaten gaitu. Beste leku batean lau katuren artean har dezaketen erabakia, guk agian 50 lagunen artean egiten dugu. Saiatu gara azken hiru urteotan, eta sakonki azken urtean, gure ereduak MCCrekin sortzen dizkigun talkak argitzen eta ez da emaitzik lortu. Horren ondorioz dator planteamendu hau.
Eta eredu hori ezin da mantendu Mondragón Korporazioaren barruan?
Egon gintezke barruan, eta eredu horri jarraituz, baina uste dugu kanpoan beste abiadura bat emango diogula. Eta hori da funtsezko arrazoia.
Bestelako arrazoiak ere aipatu dira: kooperatiben artean krisi garaietan laguntzeko funtsak, enplegua banatzeko neurriak...
Ez da inongo arazorik inongo kooperatibarekin. Gure helburua da kooperatiba guztiek ahal denik eta harreman onena izatea, eta hortik zabaldu dituzten zenbait gauza gezur hutsak dira. Elkartasunari dagokionez, kooperatibek gizartearekiko konpromisoa daukate, eta guk ere konpromiso hori betetzen jarraituko dugu, lehen bezain beste, edo gehiago ahal baldin dugu. Gure ingurutik hasi, Idiazabaletik hasi, eta jarraituko dugu Euskal Herri mailan eta nazioarteko mailan, lanpostuak sortuz, gai soziokulturalak bultzatuz, eta abar.
Ampo gaizki zegoenean ondo etorri zitzaion MCCn sartzea eta orain gauzak ondo doazenean, badoaz. Kritika hori ere egin dizuete.
«Ondo» edo «gaizki» hori oso subjektiboa da. Beste edozein kooperatiba hobeto edo okerrago joan bazaio gure ate guztiak irekita daude kolaboratzeko, bi zentzuetan, bai emaile bezala, bai hartzaile bezala. Gure kasuan 2002an sartu ginen, baina aurrez, 1992an sartu gabe geratu ginen, eskualdeka antolatuta zegoen kooperatiba taldea sektoreka antolatu behar zela erabaki zutelako, eta garai hartan Ampok, Ulmak legez, ez genuen uste antolaketa ona izango zenik.
Garai txarrak iristen direnean Mondragóneko aterkia galtzeko arriskuaren beldurrik?
Beldurrik ez, baina kilika hori bai, etorkizuna epe luzera ezin delako jakin zein den. Baina beldurra izango litzateke geldiaraziko gintuzkeen elementu bat. Behar dugu kilika bat aldiro-aldiro egokitzeko, eta ahal den hobekien etorkizunari aurre egiteko. Kanpoan edo barruan egonda, kooperatiba bakoitzak bere lana egin behar du egoera berrietara egokitzeko.
Inguruko gizarte konpromisoari eutsi egingo diozuela aipatu duzue. Baduzue plangintza bat Goierrin garatzeko?
Oraingoz ez. Goierrin proiektuak aurrera ateratzen ari dira, eta guk proiektu horietan eragile aktibo izan nahi dugu. Gaur egun hala gara, eta oraindik gehiago izan nahi dugu. Baina ez Goierrin bakarrik. Ampo enpresa internazionala den neurrian edozein proiektu -hezkuntzakoa, edo kiroletakoa- beste kontinente batean garatzera joango gara. Baina gehien bat gure inguruan. Aukerak sortzen diren neurrian joango gara bakoitza aztertuz.
Pablo RUIZ DE ARETXABALETA
Irizarreko batzarrak ere Mondragón uzteko erabakia har lezake datorren ostiralean. Urola inguruan hausnarketan ari dira. Jon Agirre Ampoko presidenteak azaldu duenez, eredu bera izanik, eta ereduaren garapenari beste abiadura eman nahi diotenez, ikuspuntu hori izango duen «plataforma bat» sortzea da asmoa, zenbait gaiei elkarrekin aurre egiteko. Plataforma horrek «ateak irekita» utziko dizkie etor litezkeen beste kooperatibei. «Ez dugu egitura handi bat sortzeko helburua», azaldu du Agirrek, baizik eta etorkizuneko erronkei beste modu batez aurrea hartzea, «garaian garaiko aukerak sortzen direnean taldeak sortuz». Eta bide berri honetan, ereduaren «aita» izan zen Koldo Saratxagak lagunduko die. Atzoko batzarrean parte hartu zuen, azken bost edo sei urteetan lagundu duen moduan. «Gure batzar guztietan egoten da. Gure hausnarketa estrategikoan haren laguntza izaten dugu eta lankide bat gehiago da. Elementu aktiboa da», adierazi zuen Agirrek. Atzo ere izan zen, eta «etorkizunean ere» izango da. «Irizar edo etor litezkeen kooperatibekin, hartzen duten erabakien arabera, eredu honen garapena egiten dugun heinean, Koldo ere bertan izango da, talde hau eta ideia hauek bultzatuko dituena».
GARA