GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zazpiak bat ote?

Zazpi silaba dira. Zazpiak hitz bakar batean. Zazpiak bat, pentsatuko luke abertzale gizajoren batek! Bai zera! Globalizazioa dut orain buruan, zazpi kontinenteak bakar batera bildu nahi dituen ibilbide-orria, merkatu gorriaren kontinentera bildu nahi ere. Gobernuz kanpoko erakunde batzuek gidatua eta egunean egun eta lekuan leku ezarria, gobernuz barruko erakundeek lagunduta, buruz eta bihotzez. Madarikatua izan bedi planetako munduetan globalizazioa ulertzeko indarrean den pentsaera eta egikera hori! Indartuz joan bedi bestelako globalizazioa izateko pentsaera eta egikera hau! Merkatuaren kontra, azokaren alde! Globalizazio honetan New Yorkeko tximeleta baten hegalaldiak, han tximeletarik balego sikiera, zikloiak eragin ditzake Asiako hego-ekialdean. Eta Palestinako euskal sukaldaritza berriko jatetxe bateko azkenburukoaren aparrak planetako berotegi efektua areagotu dezake Kaliforniako barnealdean. Eta euskararen geroa Nafarroako erdialdean Himalayako base-kanpaleku batean erabaki daiteke. Ene, ene! zer ginen eta zer garen! Eta, are okerrago, zer izango abiada honetan! 68ko maiatz hartan Sena ibaiaren inguruko karriketako harlauzen artean baten batek idatzia etorri zait burura: «gelditu dezatela planeta hau, jaitsi nahi dut eta!».

Udaren atarian gara. Udarako ibilbide-orriaz pentsatzeko sasoia. Norako bidaia egingo aurten? Mendia kosta ahala kosta akaso? NaBai agentziak, barkatu, bidai agentziak aspaldi kaleratu, barkatu, interneratu dituzte euren eskaintzak, eskariak sortzeko helburuan. Edonondik dira trekking eta abentura egiteko aukerak. Edonondik? Ez! beheko estatuak ez du horrelakorik eskaini nahi; abenturarik ez, ez, ez eta ez! Hain dira erosoak Konstituzioaren besaulkiak! Estatu horrek beldur dio esparru berrietan abentura egiteari trenen arteko talkaren arriskua dagoelakoan, eta, hortaz, katalogoko eskaintza bakarra konstituzioaren aurriak bisitatzeko txangoak dira, ogitartekoa barne. Egia esanda, ez zaio puntu batean sikiera arrazoia falta, esparru horietan oso ohikoa izaten baita trenen arteko talka, halabeharrezko talka izan ere, abiadura handia eta neurriko abiadura elkarren aurkako arerioak direlako, globalizazio modu guztietan. Hortaz, makinei kateatzeak kate batzuek beste batzuetatik askatzeko balio dutela erakusten du. Bestelako pentsaera, azken batez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo