GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Pilotarienak Torneoa

Larretxeak eta Etxetok iragarpenak bete dituzte

Bikote lapurtarrak eraman zuen Angeluko Torneoa. Beraiek ziren faboritoak, baina lehen hogei kintzeetan Etxeberriren eta Kurutxariren parean aritu ziren, nahiz eta erditik atzera erabat nagusitu ziren

p052_f01.jpg

ETXEBERRI-KURUTXARI 27

LARRETXEA-ETXETO 40

Jon LEUNDA | ANGELU

Ez zen ezustekorik izan herenegun gauean Angelun, eta Larretxea-Etxetok eraman zuten Pilotarienak Torneoa. Hala ere partidak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan, oso orekatua izan zen, bi bikoak oso parean aritu baitziren, baina 18-18kotik aitzinera, faboritoak zuloa egiten hasi ziren, eta amaieran beraientzat izan zen txapel preziatua.

Angeluko Torneoak sekulako garrantzia hartu du, eta ez da harritzekoa, trinket bikain hori ikusita. Zaleek ere erantzun handia ematen diote, eta lehen bi jardunaldietan jende anitz izan bazen ere, finalean harmailak erabat gainezka zirela esan behar, partida eder bat ikusteko itxaropenez bildutako zaleez.

Dirua nabarmen atera zen faboritoen alde, baina Etxeberrik eta Kurutxarik, beraiek ere bazutela-eta zerbait esateko, eta asmo horrekin kantxaratu ziren. Galtzen hasi ziren, baina 1-1koa lortu ostean, zortzigarren kintzera bitarte nagusi izan ziren markagailuan, alderik ateratzen ez zuten arren. Etxeberri, ordea, oso ongi ari zen, aurrean kintzea ongi burutzen zuela, eta atzean, Kurutxari ere, seguru.

Zortzigarren tantoan berdindu ostean, faboritoak izan ziren aurreratu zirenak, baina Nafarroa Behereko bikoa gertu zuten. Horrelaxe joan ziren 18-18 adostu zuten arte. Lau pilotariak parean ziren, ez zen ikusten inor besteak baino gehiago zenik, baina azken 22 tantoetan dena aldatu zuten.

Konfiantza

Lapurtarrek 0-8ko partzial bat egin zuten, markagailua 18-26 jarriz, eta jendea orduan faboritoek ez zutela hutsik egingo ikusi zuten. Apustulariek, berdinketa gehiagorik ez zela izango ere hasi ziren oihukatzen, eta asmatu egin zuten.

Olivier Larretxeak eta Thierry Etxetok, gainera, aitzinetik joate horrek ematen duen ziurtasuna hartu zuten, eta txapela gertu izan zezaketela ere hasi ziren pentsatzen. Horrek ematen duen indarrarekin erraz hasi ziren jokatzen. Atzean, Etxetok, hutsen bat edo beste egin bazuen ere, Kurutxariri gain hartu zion, eta aurrean Larretxeak kintzea ongi finitzen zuen.

Lehen hogei tantoetan partida luzea izan baldin bazen ere, hortik aitzinera fite joan zen, eta oso minutu gutxitan 20-32 jarri zen markagailua. Herve Etxeberrik eta Andde Kurutxarik izan zuten erreakzio txiki bat, eta zortzi tantotara hurbiltzeko modua egin zuten, 25-33, baina kintzeak pilatzen jarraitzen ez zuten asmatu, eta bolada on horri Larretxeak pilota sarean sartuz eman zion amaiera.

Hortik aurrera galtzaileek zenbat tanto egingo zituzten jakitea bakarrik falta zen, dena erabakita baitzegoen, eta 27 egin zituzten. Amaieran Larretxeak eta Etxetok merezitako txapela jantzi zuten, baina Etxeberrik eta Kurutxarik ere lehiaketa bikaina egin dute, nahiz eta ezin izan duten irabazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo