GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk «urratsez urrats, herri euskalduna» eraikitzera deitu du

Euskal Herrian Euskaraz taldeak «Baterajartzea» egingo du maiatzaren 26tik ekainaren 1era. Euskararen normalizazioa lortzeko urratsak eman behar direla aldarrikatzen dute bere eledunek; bai instituzioek, bai herritar bakoitzak bere eremutik. Baterajartzearekin urratsak emanen dira Euskal Herriko hainbat tokitan, lurralde osoan euskara gutxietsita baitago. Atzokoan, Bilbon, Iruñeko Txantrea auzoan eta Oiartzunen egiten ari diren ekimenak azaldu zituzten.

p021_f02_148x100.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Euskal Herrian Euskaraz-ek «Bateratze Astea» aurkeztu zuen atzo Iruñean. Maiatzaren 26tik ekainaren 1era bitartean izango da, «hizkuntza zapalketak gertatzen diren guneak nabarmendu, eta herri euskaldunerako eraikuntza lanaren beharraz jabearazteko». Bide batez, «euskara normalizatzeko bidean eman beharreko urratsak» zehaztu zituzten; instituzioei dagokie hizkuntza politikak horretara bideratzea, aldaketa sakon baten bidez, «iruzurra» alboratu, eta erakunde publikoetatik euskara bermatuz. Izan ere, administrazioek aurkezten dituzten egitasmoak «aurpegia garbitzeko» baino ez direla salatu zuten.

Baina eragile politikoen zain egon beharrean, herritar guztiek egin beharreko lana ere badela gogorarazi zuten atzo agerraldian EHEko ordezkariek. Hein horretan, euskararen kontra egiten diren erasoak eta euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak salatzea normalizaziorako bete beharreko urratsa dela nabarmendu zuten.

Gizarteari eginiko dei hori praktikan gauzatzen ari direla erakutsiz, atzokoan, Bilbo, Txantrea eta Oiartzungo kasuak azaldu zituzten. Bilbo izanik euskaldun gehien biltzen dituen udalerria, euskara ez bermatzeagatik salaketa gehien jaso duen udala ere bertakoa izatea salatu zuten. Horregatik, «Euskararen ordenantzak» onar ditzaten ahaleginean ari dira, Udalak euskararekiko utzikeriaz eta beraz, errespetu faltaz jokatu baitu orain arte, eta, ordenantzen bidez euskarari dagokion tokia ematera bultzatu nahi dute.

Txantreako kasuan, hezkuntza arloan dabiltza lanean. Iruñeko auzo horretan ikasketak euskaraz egin daitezkeen arren, horiek amaitu nahi izanez gero gaztelaniara jo beharra dago-eta. Horrez gain, D eredua eskaintzen duten ikastetxeek «bizirauteko duten zailtasuna» nabarmendu zuten. Hala ere, Iruñeko Udala ingelesezko eredua emateko ikastetxe bat eraikitzen ari omen da auzoan. EHEk eraikitze lan horietan protesta ekintza bat egin du, eta, oro har, egoera salatzeko kanpaina abiarazi du.

Oiartzungo kideek, berriz, gogor gaitzetsi zuten herrian kokatzen diren bi merkataritza gune handietan euskara alde batera uztea. Horregatik, herritarren sinadurak ari dira biltzen gaitzespena azaltzeko. Sinadurek indartutako eskaera aurkeztuko dute Alcampo eta Carrefour saltokietan, eta haiek euskara bermatzeko neurriak hartuz erantzutea espero dute.

Baterajartzea

Hurrengo astean abiatuko den Baterajartzearekin, «euskaraz bizitzeko ezintasuna» nabarmenduko dute. Aldi berean, egoera hori lurralde osora hedatu dela jakinarazi nahi dute, nahiz eta hainbat eremutan banatuta egon. Horregatik, «autodeterminazio linguistikoa» aldarrikatu zuten atzo, euskaldunon artean «lurralde osoan ofizialtasuna esleitu ahal izateko». «Euskal Herri euskalduna urratsez urrats lortuko dugula» aldarrikatu zuten atzo Iruñean.

BILBO

Bilbo izanik euskaldun gehien biltzen dituen hiria, onartezintzat jo zuten bertako Udala izatea euskarari emandako tratuagatik salaketa gehien jaso duena. Udaletxean eta dagozkion erakundeetan «euskararen ordenantzak» aurkeztuko dituzte.

Txantrea

Txantrean ikasketak euskaraz egin daitezke, baina adin batetik aurrera, gaztelaniaz segitzea baino ez dago. D ereduko ikastetxe horien egoera kaskarra bada ere, Udala ingelesez irakasteko ikastetxea eraikitzen ari da auzoan. Horren aurrean, EHEk protesta-ekintza burutu zuen, eta salaketa kanpaina egiten ari da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo